Dagoeneko urte bat pasa da Irurtzungo eta Arakilgo bertako ganadu azoka berreskuratu zenetik. Bi udalek aurten ere prestatu dute ganadu azoka, irailaren 14an izanen dena. Atzera ere, Irurtzunen bertako arrazetako azienda, garaiko nekazaritza produktu ekoizleak eta artisauak elkartuko dira, musika eta bestelakoekin batera.
Arakilgo alkate Ruben Goñik jakinarazi digunez, aurtengo berrikuntzetako bat garai bateko lan-tresnen erakusketa izanen da. Eguraldiak laguntzen badu Amaia kalean jarri nahi dute erakusketa. Goñik azaldu digunez, “ondarea berreskuratu eta, gainera, garai batean eskuz nola lan egiten zen erakutsi nahi diegu haur, gazte, heldu eta adinduei”. Goñik gaineratu duenez, “orain dela gutxira arte erabilitako lan-tresnak ezagutzeko modua izan nahi du erakusketak”. Lanabes bakoitza bere fitxarekin aurkeztuko dute, zer den, nola erabiltzen den eta norena den adieraziz.
Goñik azaldu digunez, dagoeneko tresna batzuk jasoak dituzte. “Baina badakigu Arakilgo eta Irurtzungo etxeetan garai bateko lan-tresna interesgarri ugari daudela. Lanabes horiek erakusketarako uzteko deia egiten diegu antolakuntzatik”.
Harremanetarako
Euren lan tresnak erakusketa horretarako utzi nahi duten arakildarrek eta irurtzundarrek Arakilgo udaletxera jo dezakete, 948 500 101 telefonora hots eginez edo info@arakil.net e-postara idatziz. Heldu den asteazkenera arteko epea dago.