Vueltak Aralar bete zuen

Guaixe 2014ko irailaren 4a

Fabio Aru probako irabazlea Aralarren gora.

Jendetza bildu zen Uharteko pistan Aralarko santutegian Fabio Aruk irabazitako etapa ikusgarria jarraitzera. Ibilbidean euskal ikurrak izan ziren nagusi eta marea laranjaren tokia Rural Kutxaren marea berdeak bete zuen. Uharte Arakilen pantaila erraldoia eta taberna jarri zuen Rural Kutxak, eta bildutakoa Uharte Arakilgo Udalari emango dio.

Asteazkeneko eguraldi bikainarekin gure bailarako paisaia zoragarriak are politago ikusi ziren Vueltako etaparen zuzeneko emanaldian. Perico Delgado eta Carlos de Andres liluratuta zeuden gure mendizerrekin, Aralar, Urbasa eta Andiarekin, baina bereziki Beriainekin. Beriain izan zen, akaso, txirrindulariez gain etapan gehien erakutsi zuten irudia. Aralar santutegia baino gehiago. Eta hori etapa San Migelen bukatzen zela kontuan hartuta. Irudi ikusgarri horiek hartzeko puntako teknologia erabili zuten: kamarak, helikopteroak eta beste. Dron bat ere lanean ikusi genuen.

Etapak eman zuena
Tropela Iruñeko Gaztelu Plazatik atera zen, eta Noain, Tafalla eta Lizarra pasa ondoren, Lizarragako portu ikusgarritik sartu zen Sakanara. Lizarraga, Etxarri Aranatz, Arbizu, Lakuntza eta Arruazu pasa eta Uharte Arakilen sartu ondoren, Uharteko porlanezko pista gogorretik San Migelera igo zen tropela. Etapa ikusgarria, zaleen nahiak guztiz ase zituena.

Etapako albiste nagusiena 20. kilometroan gertatu zen. Erorikoa izan zen, tartean Movistarreko Nairo Quintana harrapatu zuena. Quintanak Vuelta utzi behar izan zuen eta hori oso gogorra izan zen Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen Movistar taldearendako. Etapa jaioterrian bukatzea ilusio handia ematen zion uhartearrari, baina Quintanaren erretiroak eguna zapuztu zion Arrietari eta talde berean aritzen den Imanol Erbiti txirrindulari uhartearrari.

Eguneko ihesaldian Rural Kutxako Peio Bilbao sartu zen, Skyko Kiryienka eta beste hiru txirrindularirekin batera. Lizarragako Gainean Kiryienkak atzean utzi zituen gainontzekoak eta bakarrik iritsi zen Uharte Arakilgo pista hasierara. Baina, aurreikusi moduan, Aralarko igoerak erabaki zuen. Oilarren borroka eman zen ondoren: Arredondo, Barguil, Gesink, Martin eta Navarro saiatu ziren, eta Froome atzean gelditzeko zorian gelditu zen. Contador eta Valverde batera aritu ziren, bizkarrak zaintzen. Azkenean, Astana taldeko Fabio Aru italiarrak erasoa jo zuen eta bakar bakarrik iritsi den San Migelera, Alejandro Valverderi, Purito Rodriguezi, Contadorri eta Froomi 6 segundo aterata. Etorkizuneko izen handietako bat izateko aukera asko ditu Aruk. Movistarreko Imanol Erbiti 62.a izan zen, 8:14ra. Bukaeran, txirrindulariak lehertuta. Guztiek Aralarren igoera gogorra aipatu zuten.

Sailkapen orokorrean Contadorrek 20 segundo ateratzen dizkio Movistarreko Valverderi, 1:08 Urani eta 1:08 Rigoberto Urani. Imanol Erbiti 89.a da, 1:03:04ra. Arrietaren Movistar jota zegoen Quintana galdu zutelako, baina Valverdek aukerak izaten jarraitzen du eta aukera horri helduko diote. Oraindik Vuelta asko geratzen da. Gaur Logroñon hasi eta despedituko den 165 km-ko etapa laua dago jokoan, esprinterrendako aproposa. Pentsatzekoa da sailkapen orokorrean ez dela aldaketarik egongo.

Jendetza
Aipatzekoa da jendetza bildu zela Vuelta ikustera, Uharte Arakilgo pistan bereziki. Milaka zaletuk bete zuten bidea. Asko autokarabanan igo ziren bezperatik, beste asko txirrindulan eta gainontzekoak oinez. Jakina, euskal txirrindularien lagunak eta familiak ez ziren falta izan. Tartean, bazauden jarraitzaile atzerritarrak, gure paisaiarekin liluratuta zeudenak.

Euskal ikurrak
Ibilbideak irudi ikusgarriak utzi zizkigun. Aipatzekoa da euskal ikurrak izan zirela nagusi ibilbide guztian barna. Aipatzekotan, lau eskalatzailek Aralarren zintzilikatutako pankarta erraldoia, “Freedom for the Basque Country” eta ikurriña eta Nafarroako bandera agertzen zena, eta Etxarri Aranazko fatxada batean zintzilikatutako ikurriña erraldoia eta Nafarroako bandera erraldoia.

Rural Kutxaren marea berdea
Baina bazen beste kolore bat guztien gainetik nagusitu zena. Rural Kutxaren berdea. Desagertutako Euskaltelen marea laranja marea berdean bilakatu zuen Sakanatik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGAk. Rural Kutxatik adierazi digutenez, 9.000 kamiseta egin zituzten eta dohain banatu zituzten Uharte Arakilen, Guardetxen eta Aralarren. Helburua lortu zuten, jende guztiak jantzi baitzuen kamiseta. Horretaz gain, Rural Kutxak festatxoa ospatu zuen Uharte Arakilen. “Vuelta Aralarren despedituko zela eta, Uharten zerbait egitea erabaki genuen. Hor sortu zen kamisetak egiteko eta festa egiteko dirua. Plazan etapa jarraitzeko pantaila erraldoia jarri genuen, kamisetak oparitu eta tabernatxoa jarri genuen. Tabernan lortutakoa Uharte Arakilgo Udalari emango diogu, herriari, finean” adierazi digu Uharte Arakilgo Rural Kutxako bulegoko zuzendari Iñakik. Bestalde, Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak Vuelta bukaerara arte geratzen diren kilometroak, 1.745, elikagai kilotan bilakatu zituen eta 1.745 kilo jaki eman zizkion Nafarroako Elikagai Bankuari. Gainera, Bizikleta Solidarioa antolatu zuten. Hala nahi zutenek kilometroak gehitu zituzten, Elikagai Bankuarendako elikagai kilotan bilakatzeko.

Erreibindikazio asko
Vuelta mundu mailan kirol jarraitua da, erakusleiho bikaina. Horrela, Vuelta pasatu zen eremuetan mota guztietako pintadak ikusi ahal izan ziren, txirrindulariei animatzeko asko, eta beste motako erreibindikazioak egiteko beste asko. Euskal Herria nazioa dela, presoak euskalerriratzea eta beste hainbat nabarmen ikusi ziren. Aipatzekoa, ere, Iruñeko munizipalek egindako salaketa, Barcina eta Simonek Iruñeko udal polizia “akatzen” ari zirela baitzioten hainbat pintada eta kartelek.

Bestalde, aipatzekoa da Guardia Zibilaren presentzia nabarmena Vuelta guztian barna. Beraiek izan ziren segurtasunaz arduratu zirenak, Foruzainen kaltetan. Badirudi horrekin haserre daudela Foruzainak. Ejerzitoaren kamioi batek ere uda banatu zuen Aralar gainean.

Euskararen presentzia bermatu zen
Hainbat talde eta eragilek, tartean EH Bilduk eta Uharte Arakilgo Udalak berak, euskara Nafarroako hizkuntza dela eta euskararen presentzia bermatzeko eskaera egin zioten Unipublici. Eta aipatzekoa da antolakuntzak euskararen presentzia bermatu zuela. Podiumeko esatari lanetan Vueltako speaker Juan Mari Guajardo altsasuarraz gain, Euskadi Irratiko Arritxu Iribar kirol kazetaria aritu ziren, Guajardo gaztelaniaz eta Iribar euskaraz. Bikain egin zuten Vueltaren emisioa, maila berean. Akaso sariak banatzean gaztelania entzun zen gehiago, baina euskaraz ere aritu ziren. Guajardo pozik zegoen Vuelta Aralarren zegoelako. “Etxean egoteak, non eta Aralarren gainera. Izugarri pozten nau” zioen egun horretan urteak betetzen zituen altsasuarrak.

Uharteko pistan partxeoak egin zituen Unipublicek
Uharteko Udalak prentsaurreko batez pistaren egoera txarra salatu zuen, Vuelta pasa baino 8 egun lehenago, pitzaduraz eta zuloz betea baitzegoen. “Udaletik argi eta garbi adierazi nahi dugu pistaren egoeragatik ezbeharren bat edo istripuren bat gertatzen bada, Udala ez dela erantzulea izango. Vueltako antolatzaile Unipublic eta Nafarroako Gobernua izango dira erantzuleak” nabarmendu zuen alkateak.
Salaketa horrek eta beste hainbatek, badirudi bazterrak astindu zituela eta, azkenean, lauzpabost pitzadura nagusienak porlanez bete edo partxeatu zituen Unipublicek. Horretaz gain, Vuelta pasatu zen eremuan bazterrak garbitu ziren, hainbat pitzadura zigilatu eta batxeak konpontzeko lanak egin ziren. Bestalde, Lizarragako tuneleko hormak edo hastialak zuriz margotu zituzten, tunelak ez baitu argiztapenik. Vuelta bertatik pasa zenean Nafarroako DYAk tunela argiztatu zuen.

Aralar eta Burunda kluben argazkia
Sakanako bi txirrindularitza taldeetako neska-mutikoek, Aralar eta Burunda klubetakoek, talde argazkia atera zuten podiumean eta baita helmugan, Juan Mari Guajardo speakerraren laguntzarekin.