Urtero moduan, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko ikastetxeetan bertsolaritza programa sustatzeko eta bertso-eskolak kudeatzeko deialdia egin du. Hezkuntza Departamentuak Bertsolaritza Irakaskuntzan programa sustatzen du, baina bideratzen duen aurrekontua nahikoa ez denez, urteak dira Mank-ek diru ekarpen osagarria egiten ari dela.
Mank-en ekarpena orain arte 8.000 eurokoa izan da, baina aurten 13.000 eurotara igo du. Aldaketa horren zergatia azaldu digu Maite Iparragirre euskara teknikariak: “irakaskuntza publikotik pribatura ere zabaldu da bertsolaritza ikastetxeetan emateko eskaintza”. Horretaz aparte, aurreko urteetan bezala Etxarri Aranazko eta Altsasuko bertso eskolei eusteko ere balio beharko du esleipenak.