Samuel Caro parlamentari sozialistak agorrilaren 7an Nafarroako Gobernuari hondakinak kudeatzeko plan berria egiteko eskatu zion. Carok plan berria adosteko errausketa aukera baztertzeko baldintza jarri zuen. Hondakinen kudeaketarako bestelako eredu baten alde agertu zen Caro. Sakanako Mankomunitatearen helegiteari epaileak arrazoia eman ondoren baliogabe gelditu zen 2010ean gobernuak onartutako plana.
Carok ez zuen argitu Olatzagutiko porlandegian hondakinak erretzearen kontrako jarrera zuen. Agorrilaren 12an Juan Jose Lizarbek adierazi zuen Carok azaldutakoa etorkizunera begirako jarrera zela eta Olatzagutikoarekin zerikusirik ez zuela: “errausketaren aurka egotea porlandegian hondakinak erretzearekin ez da bateraezina”.
Madrilgo sozialistak eredutzat hartzeko gonbita
Horixe egin zion 3 Mugak Batera plataformak (3MB) PSNri. Eta horretarako PSMren hitzak ekarri dizkiete gogora: “Argi eta garbi, hondakinak erraustearen aurka gaude, energia balioztatzearekin edo gabe (errauskailuak, zementu-fabrikak, labe garaiak edo antzekoak) Madrileko Autonomia Erkidegoko lur eremu osoan, eta hondakinak sortzen diren tokitik ahalik eta hurbilen tratatzearen, materia organikoa bereizturik biltzearen, ontziak itzultzeko eta berrerabiltzeko sistemen (SDDR) eta posible den udalerrietan atez ateko bilketa berezituaren aldeko hautua egiten dugu. Hau guztia, Zero Zabor helburuak lortu ahal izateko.”
Sozialistak agintean dauden Andaluziako eredua ere jarri du 3MBk: Andaluziako Juntak Niebla herriko autonomia errespetatuz porlandegian hondakinak errausteko baimena ukatu du. Olatzagutiko kasuan PSNko Roberto Jimenezek eta UGTko Javier Lekunberrik udalaren araudia gainditzeko ekinbidea sustatu zutela salatu du.
Bestalde, 3MBk gaztigatu duenez, Olaztikoaren pareko den Sevillako porlandegian 290.000 tona hondakin balioztatzeko eskaera aurkeztu dute. Porlandegiaren asmoak aurrera joz gero, 3MBtik ohartarazi dute gerta daitekeela “errausketa debekaturik duen lurralde batek beste probintzia batzuetako milaka tona hondakin jasotzea Olaztiko zementu-fabrikan <erregai> moduan erabiltzeko”.