Trenak 150 urte gurean

Guaixe 2014ko irailaren 7a

1862ko apirilaren 15ean iritsi zen aurrenekoz trena Sakanara, Olatzagutiraino zehazki (tren geltokia porlandegiaren parean zegoen). Miranda de Ebrotik abiatutako baporezko trena trenbide akaberaraino iritsi zen. Trenbide linea osoa osatzeko lanak bi urte gehiago luzatuko ziren. Hala, 1864ko agorrilaren 15ean mustu zen trenbidea. 20an jarri zen Olatzagutia eta Beasain arteko zerbitzua martxan, Madril eta Irun arteko trenbidean. Nazioarteko trena zen, Hendaia eta Paris artekoarekin lotura zuelako.

Ordurako Sakana zeharkatzen duen trenbideko lanak aurreratuak zeuden. Zaragoza-Iruña-Altsasu lineako Irurtzun eta Altsasu arteko zatia 1865eko garagarrilaren 22an zabaldu zen.

Ondorioak
Hizkuntzan, kulturan, ekonomian, populazioan eta hainbat arlotan aldaketak ekarri zuen trenaren etorrerak. Gipuzkoarako mugarekin egin beharreko tunelak egiteko Piamonteko langileak etorri ziren eta haiek ekarri zuten trikitixa Euskal Herrira. Bestalde, trenbidea egiteko makina bat trabesa behar izan ziren. Ibarreko basoetatik orduan eta aurrerantzean makina bat trabesa atera zituzten. Haren testigantza gelditu da Altsasuko toponimian: mila trabesako zulo.