Asteburuan hasi zen Erregional mailako 2014-2015 denboraldia. Altsasuk Mutiloan jokatu zuen eta partida bikaina egin zuen, Mutilberari 0-4 irabazi baitzieten altsasuarrek. Gauzak oso oker hasi ziren Mutilberarendako, partida hasi eta lehen minutuan Aitorrek Altsasu aurreratu baitzuen. Handik 7 minutura Dariok 0-2a ezarri zuen markagailuan. Partida aurrera joan ahala Mutilbera jokoa dominatzen hasi zen eta hainbat aukera izan zituen, baina atsedenaldira 0-2arekin joan ziren bi taldeak. Bigarren zatian ere dominatu egin zuen Mutilberak, baina kontraerasoetan min handia egin zuen Altsasuk. 57. minutuan Javierrek eta 88. minutuan Xabik beste bi gol pilatu eta azkenean Altsasuk 0-4 irabazi zion Mutilberari, denboraldiko lehen lider bilakatuz.
Bestalde, San Donato zelaian jokatutako lehian Arrotxapearen kontra bina berdindu zuen Etxarrik. Bero handiarekin jokatu zen partida. Arrotxapea izan zen lehen minuturako aurreratu zena, defentsaren akatsa batengatik. Handik 7 minutura bigarren gola sartu zuen Arrotxapeak, etxarriarren kontzentrazio falta probestuz. Hortik aurrera baloiaren jabetza hartu zuen Etxarrik, eta partidari buelta ematen saiatu ziren. 40. Minutuan, eta jokaldi eder baten ondoren, Xabatek 1-2 gerturatzea lortu zuen. Bigarren zatian Etxarrik dominatu zuen. Berdintzeko hainbat aukera izan zituzten, baina kosta egin zitzaien eta, azkenean, 60. Minuturaino itxaron behar izan zuten. Orduan sartu zuen Mikelek binakako berdinketarako gola. Hortik aurrera irabazteko aukera izan zuten ere etxarriarrek, baina partida berdinketarekin despeditu zen.
Sailkapen orokorrean Altsasu da liderra, 3 punturekin. Etxarri 8.a da, puntu bakarrarekin. Asteburuan Altsasuk atseden hartuko du –ongi etorriko zaie, festak baitira– eta Donezteberen kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek.