Baso antolaketa proiektuetarako 125.480 euro

Guaixe 2014ko irailaren 11

Urbasako Larrehandiko trikuharria.

Nafarroako Gobernuak, batetik, Arakil, Irañeta eta Irurtzun eta, bestetik, Urbasako proiektuetarako laguntzak eman ditu.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak agorrila hasiera despeditu zuen Sakanako bi eremuak antolatzeko proiektuen kontratazioa. 2014 eta 2015ean gauzatuko dira jarduerak eta guztira 125.480,72 euro bideratuko ditu. Arakilgo, Irañetako eta Irurtzungo proiekturako 52.938 euro bideratu ditu (29.115,90 euro 2014an eta 23.822,10 euro 2015ean). Urbasakorako, berriz, 72.542,72 (50.779,90 euro 2014an eta 21.762,82 euro 2015ean).

Basoen antolamendurako proiektuak mendiko baliabide guztien (begien bistakoak izan zein ez) eta baliabideen arteko loturen aprobetxamendu arrazionala identifikatzeko, kalkulatzeko eta planifikatzeko egiten diren idatzi, kalkulu eta planoak dira, iraunkortasuna, kontserbazioa eta hobekuntza ziurtatzeko. Gainera, tresna horiek lehiarako abantaila dira; izan ere, nazioarteko erakundeek ematen dituzten iraunkortasun-zigiluak bermatzen dituzte. Esaterako, egurra merkaturatzea errazten da.