Aldanondok abeltzainekin dituen zorrak salatu ditu EHNEk

Guaixe 2014ko irailaren 11

Abeltzainekin duen zorra milioi bat eurokoa izan daitekeela salatu du sindikatuak. Tartean sakandarrak daude.

EHNE sindikatuko ardi esne saileko arduradun Mikel Alzuartek astelehenean salatu zuenez, “ardi esne sektoreak bizi duen egoera larria da”. Jakinarazi zuenez, “2011-2012 eta 2012-2013 kanpainan Aldanondo enpresari esnea entregatu zioten artzainetako batzuk oraindik ere ordainketak jaso gabe jarraitzen dute; 2013-2014 kanpainan industria honi esnea salduz jarraitu dutenen artean ere badira ordainketak jaso ez dituztenak”.

Zorrak Idiazabal Jatorri Izendapeneko gazta egiteko esnea saltzen duten artzainengan, jatorri izendapenetik kanpo saldu dutenengan, eta behi esnea saltzen duten abeltzainengan du eragina. Azken horien artean abeltzain sakandarrak daude. Altzuartek salatu duenez, “Eusko Jaurlaritzak industria handiei dirutzak bideratzearen aldeko apustua egin du, makro-proiektuak bultzatuz, sektorea monopolizatuz eta abeltzainak gestore gutxi batzuen esku utziz eta bidea itxi die gaztandegi txiki eta ertainei, egun sektorearen etorkizunean lagungarri izango liratekeen horiei”.