Dagoeneko matrikulazio epea zabalik dago euskaltegietan. Hori dela eta, Nafarroako toki-erakundeetako euskara zerbitzuek, Sakanako Mankomunitatekoa barne, euskaltegietan izena ematera animatu dituzte nafarrak. Horretarako, ¡El euskera te sienta bien!/Euskarak ederki ematen dizu! leloa zabaldu dute esku-orri, kartel, www.modelo-e.com eta www.e-eredua.com atarien bidez.
Euskaltegien zeregin arrakastatsu eta eraginkorrari erreferentzia egiten dion E eredua marka sustatzen ari dira euskara zerbitzuak. Mank-etik azaldu digutenez, “Nafarroan euskaltegien sare zabal eta espezializatua dugu eta, garrantzitsuena dena, etxetik hurbil. Gainera, eskaintza erakargarria eta askotarikoa dute”. Euskaltegietan “edonoren behar eta gustuetara hobekien egokitzen den eta behar den aukera” opatzeko aukera dagoela ziurtatu dute euskara teknikariek. Pasa den urtean 3.000 nafar inguruk egiaztatu ahal izan zuten euskarak ederki ematen duela.
Matrikulazio-epea
Dagoeneko zabalik dute matrikulazio-aldia euskaltegiek.Sakanako AEK-ren Itsasi euskaltegian izena emateko azken eguna irailaren 22a izanen da. Klaseak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen eta Altsasun emanen dituzte, baita taldea sortzen den Sakanako beste edozein herritan ere. Informazio gehiago AEK-ren Itsasi euskaltegia, Gartzia Ximenez, 46.-1.goa. Altsasu; 607 624 392 telefonoan edo sakana@aek.org e-postan.
Diru-laguntzak
Mank-eko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru-laguntzak ematen ditu. Eskaeren arabera, langileei, gutxi gorabehera, matrikularen %45 ordaintzen die eta langabeei %55. 2012-2013 ikasturtean 91 eskaera jaso ziren eta 2013-2014 ikasturtean, berriz, 110. Diru-laguntza horien inguruko informazioa Mank-eko Euskara Zerbitzuan: 948 464 840 eta 948 464 867 telefonoetan edo euskara@sakana-mank.com.