Astelehenaz geroztik Nafarroako Liburutegi Publikoen Sistemako erabiltzaileek 1.400 liburu elektroniko inguruko katalogoa eskura dute eta maileguan eskatu dezakete. Altsasuko liburuzaina Mari Luz Oyarbidek azaldu digunez, Nafarroako Gobernuak bere egin du Espainiako Kultura Ministerioaren plataforma bateratu bateko eskaintzarekin eta horrela jarri da mailegu sistema martxan.
Liburutegi publikoetan ez da gailu elektronikorik izanen maileguan emateko. Oyarbidek argitu digunez, erabiltzaileek euren gailuetan web orri batetik (http://navarra.ebiblio.es) jaitsitako aplikazioa instalatu behar dute. Liburuak ePub eta PDF formatuetan irakurtzeko aukera izanen da tablet-etan, telefono adimentsuetan, ordenagailu pertsonaletan edo Adoberen DRMrekin osagarriak diren liburu elektronikoen irakurgailuekin.
Muga epea
Paperezko liburuak bezala liburu elektronikoak irakurtzeko 21 egun dituzte erabiltzaileek. Nafarroako sarean katologoko titulu bakoitzaren hiruzpalau lizentzia daude. Oyarbidek argitu digunez, erabiltzaileak aldi berean gehienez bi liburu elektroniko maileguan har ditzake. Eta aldi berbererako bi bider berritzeko aukera dago, beste erabiltzaile batzuek erreserbatu ez badituzte. Finkatutako epea amaitzen denean, liburu elektronikoa gailuetan ez da eskuragarri izango.
Euskaraz
Kulturako Ministerioaren plataforman euskarazko liburu eskaintzarik ez zegoenez, Kultura, Turismo eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuak bilduma euskarazko liburu elektronikoen sorta batekin osatu du. 93 dira eskura dauden euskarazko tituluak eta Oyarbidek aurreratu digunez, beste ehun bat gehituko ditu gobernuak.
Sarean
Nafarroako Liburutegien Sareko kide dira Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olatzagutiko liburutegiak.