Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren Nafarroako udalek Nafarroako Parlamentuan agerraldia egitea eskatu zuten. Aurrekoetan bezala, euren udalerrietan euskarak bizi duen egoera salatu eta hura zuzentzeko neurriak helarazi nahi zizkieten talde parlamentarioei. Baina, eskaerari ezezkoa eman zioten UPNk, PSNk eta PPk. Argudiatu zuten mankomunitatearen egoitza Bizkaian dagoela eta Nafarroarekin ez duela zerikusirik.
Mankomunitateko Zuzendaritza Batzordeko kide diren Berako Ion Abril eta Etxarriko Eneka Maizek nabarmendu dutenez, “Nafarroako Gobernuak gure herrietan daukagun errealitate soziolingusitikoa onartu gabe jarraitzen du”. Abrilek eta Maizek salatu dutenez, nagusiki euskaraz bizi diren udalerrietan ere euskarazko zerbitzu publikorik ez daude bermatuta. Parlamentuko agerraldia ukatzea “beto” gisa hartu dute, baina horren aurrean erakundearen helburuak betetzeko, nahi duten guztiekin elkarlanean aritzeko prest azaldu dira.
UEMA
Gaur egun 72 udalek osatzen dute mankomunitatea, haietatik 14 nafarrak dira. Horien artean daude Arbizu eta Etxarri Aranatz. Erakundearen helburuak dira: administrazio publikoa euskaldundu, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta euskararen arnasguneak sendotu eta hedatzeko. UEMAko udaletan egiaztatu da administrazio publikoan ere euskaraz funtziona daitekeela.