Gazte eta helduendako bertso eskola

Guaixe 2014ko irailaren 11

Sakanako bertso-eskoletan aritzen diren gaztetxoak.

Izena emateko epea irailaren 30era arte dago zabalik.

Bertsotan ikasteko aukera izanen da ikasturte berrian, Nafarroako Bertsozale Elkarteak, Sakanako Mankomunitatearen laguntzarekin, bertso-eskolak zabalduko dituelako. Adina kontuan hartuta bi bertso eskola zabalduko dira Sakanan. Batetik, helduendako bertso eskola dago. Bertsolaritza landu nahi duen edonorendako irekia dago eskola hori Interesa dutenen artean erabakiko da zer landu, non, noiz eta nola.

Bestea ikasleen bertso-eskola da. Ikasgeletan bertsolaritza landu eta trebatzen segi nahi dutenei begira antolatuko da. Ahal izanez gero nork bere herrian bertso-eskola izan dezan saiatuko da Bertsozale Elkartea.

Eskola horien bitartez ibarrean bertsolaritzaren ezagutza zabaldu nahi dute. Sakanako lehen bertso-eskola sortu zenetik 23 urte pasa dira, eta geroztik bertsolaritzaren presentzia nabarmen handitu da gure herrietan. Bertako bertsolariak ere bidea egiten segitzen dute.

Izena emateko
E-posta bidez: nafarroa@bertsozale.com edo j.leitza@gmail.com helbideetara idatziz. Telefonoz: 948 143 747 edo 652 155 601 zenbakietara hots eginez.