Aurreko asteburuan hasi zen erregional mailako 2014-2015 liga. Sakanako bi talde lehiatzen ari dira bertan: Sociedad Deportiva Alsasuako Altsasu eta Etxarri. Altsasuk Mutilberari 0-4 irabaziz hasi du liga, eta denboraldiko lehen liderra da. “Aste honetan bertan galduko dugu lidergoa, aste honetan atseden jardunaldia baitugu” adierazi digu, irribarrez Sociedad Deportiva Alsasuako lehendakari Pablo Lopez Colinak.
Aurten entrenatzaile berriak izango ditu Altsasuk, Javier Fernandez eta Alfonso Nuñez. “Beste ziklo bati hasiera emango diogu” nabarmendu du Pablo Lopezek. Jokalariei dagokienez, plantillaren oinarria aurreko urteko taldea da. “Jubeniletatik Mikel Corchero, Jon Artigas eta Imanol Reparazek egin dute salto erregionaletara. Bestalde, Iñaki Grajeras eta Imanol Andoni Beramendi taldera itzuli dira eta lauzpabost baja izan ditugu, baina, bestela, ez dago aldaketarik” gaineratu du presidenteak. Altsasu talde gaztea da. “Gaztea, baina kalitatea duena. Aurreko urteko oinarria du taldeak. Jokalari gehienek bikain ezagutzen dute elkar, haurren mailatik elkarrekin baitaude. Horiei beterano batzuk eta urtetik urtera gehitzen zaizkien jubenilak gehitu behar zaizkie” azpimarratu nahi du presidenteak.
Preferentera igo
Helburua preferente mailara igotzea da. Aurten Nafarroako futbol federazioak liga berregituratu du, eta kategoria berri bat gehitu dio egiturari. Hurrengo denboraldian, 2015-2016an, 3. mailaren azpitik kategoria berria egongo da, Kategoria Autonomikoa, eta haren azpitik Preferente maila eta Erregional maila. Hortaz, aurten erregional mailako 4 multzoetan lehen sailkatzen diren 5 taldeak zuzenean igoko dira preferente mailara. “Horrela, preferentera igotzeko aukera handiagoa izango da aurten, orain arte soilik lehena igotzen baitzen. Ea lehendabiziko 5 taldeen artean sailkatzen garen eta Preferentera igo” dio Lopezek. Hori bai, Lopezi ez zaio sobera gustatzen kategoria berria sortzearen ideia. “3. mailara igotzea ia ezinezkoa izango da. Aldaketa honekin, gehiago dugu galtzeko” azaltzen du.
Erregional mailan 4. multzoan ariko da Altsasu, Etxarrirekin eta beste 16 talderekin batera. Talde gehienak maila berean ariko direla uste du altsasuarrak, paretsu, eta, akaso, guztien gainetik San Jorge ikusten du. Bi talde berri ariko dira, Salesianos eta Mendillorri, eta Ultzamaren maila jaitsiko dela uste du. “Lehen Lagun Artea B taldea ziren, baina orain Ultzama, eta Lagunenak ziren jokalari asko galdu dituzte, orain preferenteko Lagun Arteara pasa direnak. Asko nabarituko dute” adierazi du.
Ongi hasi dira gauzak Altsasurendako, garaipenarekin. “Aurreko urtean bikain hasi genuen denboraldia, lehendabiziko postuetan, baina Etxarriren kontra galdu ondoren behera egin genuen eta hondoa jo. Gero sailkapenaren erdialdean bukatu genuen. Ea, aurten, goialdean sailkatu eta preferentera igotzeko aukera dugun. Baina horretarako gogor egin beharko dugu lan” ondorioztatu du Pablo Lopezek. Altsasu klubak duen egitura sendoarekin –13 talde, sekulako harrobiarekin–, Altsasuk goiko kategorietan egon beharko luke. Ea aurten posiblea den.
Sociedad Deportiva Alsasua
Sociedad Deportiva Alsasuak kudeatzen ditu Altsasuko Futbol Taldeko talde guztiak. Horretaz aparte, pilota, txirrindularitza eta beste lantzen ditu SDA-k. 374 bazkide inguru ditu elkarteak. Futbolak gutxi gora behera 70.000 euroko aurrekontua eskatzen dio SDA-ri. Dantzaleku futbol zelaian egiten dituzte entrenamenduak, eta horrenbeste talde hartzeko batzuetan txiki geratzen zaie. Izan ere, guztiz okupatuta dago zelaia. “Erregional mailakoek astean hirutan entrenatzen dute. Bitan zelai osoa hartuta, eta bestean jubenilekin zelaia partekatuz, zelai erdian. Gainontzeko taldeek zelaia konpartituta entrenatzen dute. Orain, litekeena da kimuetarako beste talde bat sortzea, guztira 6 talde izatea. Eta ez gara sartzen. Akaso goiko zelaia zer edo zer txukundu beharko genuke, guztiak aldi berean entrenatu ahal izateko” adierazi digu SDAko presidente Pablo Lopezek.
13 taldeak eta entrenatzaileak
Aurten 220 neska-mutiko inguru daude izena emanda SDA-ko futbol taldeetan. 13 talde izango dira guztira: erregional mailakoa (Javier Fernandez eta Alfonso Nuñez), 2. mailako jubeniletakoa (Peio Goikoetxea), 1. mailako kadeteak (Javier Riezu), 2. mailako kadeteak (Migel Javier Mendoza), 1. mailako haurrak (Xabi Lopez), 2. mailako haurrak, talde mistoa (Gorka Pascua), Sakanako Futbol 8 Topaketetan ariko diren kimuen 6 taldeak (Andoni Barrena, Cristian Davila, Elena Sanchez, David Fernandez, Alfonso Castellano eta aurki izendatuko duten beste entrenatzaile bat) eta benjaminen eta aurre-benjaminen taldea (Iñaki Cristobal).
Nesken talderik ez
SDA-k haurren eta kadeteen mailan arituko zen emakumezkoen taldea sortzeko ahalegina egin du aurten. Baina, tamalez, ez da emakumeen talderik sortu. “Bost neska inguru animatu ziren eta ezin izan da talderik sortu, pena handiz. Horietako neska batek Altsasuko mutilen taldearekin jokatuko du, eta beste batzuk Agurainera joko dute. Agurainen emakumezkoen taldea oso sendoa da eta bertara jotzen dute neska askok. Hala ere, hurrengo denboraldirako taldea sortzeko lanetan jarraituko dugu” nabarmendu du Pablo Lopezek.
Altsasu, erregional maila
Jokalariak: Ekhi Etxeberria (93), Iñaki Grajeras (94), Asier Izagirre (94), Jon Lapuente (93), Mikel Corchero (95), Iñaki Mendoza (89), Ismael Santamarta (94), Jon Artigas (95), Mikel Lopez (92), Javier Fernandez (94), Jon Ander Fernandez (91), Iñaki Berastegi (94), Darlin Quezada (94), Yoel Barreiro (89), Xabier Lopez (86), Mikel Rivero (94), David Fernandez (88), Aitor Saez de Asteasu (94), Andoni Barrena (92), Imanol Reparaz (95), Andoni Beramendi (94) eta Dario Moreno (94).
Entrenatzaileak: Javier Fernandez eta Alfonso Nuñez
Materialaren arduraduna: Jacinto Borrega