Pozik egon daitezke Etxarri Aranatzen, 3 puntu oso baliotsu ekarri baitituzte Doneztebetik. Jende asko hurbildu zen Doneztebe eta Etxarriren arteko lehiaz gozatzera. Doneztebekoak baloiaren jabetza lortzen saiatu ziren. Aldiz, Etxarrikoak joko zuzenago baten aldekoak ziren.
Nahiz eta Doneztebe 30. minutuan aurreratu eta baloiaren jabetza izaten saiatu, taldea ez zen guztiz eroso ibili, Etxarrik oso ongi presionatu baitzuen. Zelaian ongi kokatu ziren etxarriarrak, eta fisikoki indartsu eta serio aritu ziren zelaian. Bigarren zatiko 55. minutuan Etxarriko Xabierrek bana berdindu zuen. Berehala, Etxarriren aldeko penaltya adierazi zuen arbitroak eta Xabatek 1-2 aurreratu zuen Etxarri. Nahiz eta Doneztebe berdinketaren bila aritu, Etxarrik ongi defendatu zuen eta kontraeraso bikainak egin zituen. Markagailuan aldaketarik gabe despeditu zen partida eta Etxarrikoek 3 puntuak ekarri zituzten.
Datorrena
Sailkapenean Berriozar da lider, 6 punturekin. Etxarri Aranatz 6.a da, 4 punturekin, eta aste honetan atsedena zuen Altsasu 7.a, 3 punturekin. Asteburuan Altsasuk Berriozar hartuko du Dantzalekun eta Etxarri Aranatzek Salesianosen kontra jokatuko du San Donaton.