Animatu Sakanako XXI. Bizikleta Egunean aritzera!

Guaixe 2014ko irailaren 16a

Alberto Ocaña, Amaia Gerrikagoitia eta Mitxel Larunbe.

Irailaren 28an izanen da, Irurtzundik hasi eta Lizarragan bukatzeko. Aurretik izena eman behar da

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Kluben laguntzarekin, eta hainbat babeslerekin -Irurtzun eta Ergoienako Udalak eta Nestlé- XXI. Sakanako Bizikleta Eguna antolatu dute hurrengo astebururako, irailaren 28rako. Dagoeneko 21. edizioa beteko du proba ez lehiakorra denak, eta aurreko urteetan bezala “Sakana bizikletaz ezagutzen” leloa izango du.

Astelehenean egin zuten probaren aurkezpena Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak,  Burunda Txirrindularitza Klubeko Alberto Ocañak eta Aralar Txirrindularitza klubeko Mitxel Larunbek. Nahiz eta egun txirrindulari profesional sakandarrik ez egon, Sakanan txirrindularitzarako zaletasunak jarraitzen duela nabarmendu zuten. “Txirrindularitza eskolak ongi daude partaidez” nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. Txirrindularitza egunaren helburuak betikoak zirela gaineratu zuen teknikariak. “Eskualdean txirrindularitza bulkatzea da, goiz polita pasatzea lehiaketa asmorik gabeko ibilaldian, gure herriak, kaleak, zubiak, ermitak, landaretza, basoak… ezagutzea, bizikletaz, eta bide batez, Sakanako herri ezberdinetako eta adin ezberdinetako jendearen arteko harremanak bulkatzea. Emakumeak ere animatu nahi ditugu” adierazi du teknikariak. Aurten Sakanako Bizikleta Eguna inguruko eskualdeetara zabaldu nahi dute, Arabara, Gipuzkoara eta Iruñerrira.

Arakil eta Ergoiena
Bost urtetik behin Sakanako Bizikleta Eguna Ergoienara iristen da. “Aurten Ergoienara igotzea tokatzen zenez eta Arakilgo hainbat herritatik pasa ez garenez, ibilbidean berrikuntzak sartu ditugu” azaldu du Bizikleta Eguneko ibilbidearen arduradun Alberto Ocañak. Horrela, Irurtzundik abiatuko da martxa, goizeko 9:00etan, eta Izurdiagara eta Errotzera jo ondoren, Urritzolan sartu eta berriki zolatu duten pista batetik Etxarrenera helduko dira. Ondoren Ekai, Zuhatzu, Satrustegi, Hiriberri eta Ihabar gurutzatuko dituzte, Irañetan atseden hartzeko. “Bokata norberak eraman beharko du eta antolakuntzak freskagarria eskainiko du” gaineratu du Gerrikagoitiak. Hamaiketakoaren ondotik, atzera ere txirrindula hartu eta Zamartzeko bidetik Uharte Arakilera helduko dira, Arruazu eta Lakuntza pasa ondoren Arbizutik Unanura aldeko bidea hartzeko. Unanu eta Dorrao gainditu ondoren, Lizarragan despedituko da aurtengo Sakanako Bizikleta Eguna. 36 km izanen ditu, aurreko urteetakoak baino laburragoa, baina bai malkartsuago eta aldapatsuagoa, zailtasunaren aldetik ibilbide ertaina.

Irailak 22, izena emateko azken eguna
Parte hartzea librea da eta doan, baina antolakuntzak autobus zerbitzua jartzen du txirrindulariak euren herrietan jaso eta Irurtzunera eramateko -goizeko 7:45ean aterako da Ziorditik-, eta proba bukatuta, atzera ere txirrindulariak etxera eramateko. Bizikletak emateko kamioia egoten da ere. “Zerbitzu hauek erabiltzeko aurretik izena eman behar da. Irailaren 22a da azken eguna. Herri guztietan izena emateko tokiak jarri ditugu, baina, bestela, Mank-eko kirol zerbitzura hots egin daiteke (948 464 866). 10 urtetik gorakoek eman dezakete izena eta baita txikiagoak direnak ere, kasu honetan adinez nagusikoen laguntza dutela.

Bizikleta puntuan jartzea, inportantea
Bizikleta Egunean parte hartu baino lehen txirrindula puntuan jartzea aholkatu dute Gerrikagoitiak eta Ocañak. “Egunean mekanikaria egoten da baina egunean bertan gertatutako zulaketa edo matxurak konpontzeko, ez bizikletak puntuan jartzeko” nabarmendu dute. Halaber, parte hartzaile guztiek kaskoa eta ogitartekoa eraman beharko dituzte. Antolakuntzak zehaztutako ibilbidea jarraitzeko deia egiten zaie txirrindulari guztiei, “segurtasuna bermatzeko”.

Bukatzeko, Sakanako bizikletaren festan parte hartzera animatu dituzte sakandarrak, “egun oso polita” delako.