Iraitz Goñi azkarrena Larra-Larraun

Guaixe 2014ko irailaren 16a

Larra-Larrau Nazioarteko Martxa Zikloturistako ibilbide laburrean (100 km) nagusitu zen arbizuarra

Larunbatean Larra-Larrau Nazioarteko Martxa Zikloturista jokatu zen Izaban, Pirinioetan barna antolatutako txirrindularitza ibilbidea. Antolakuntzak bi ibilbide prestatu zituen: luzea, 143 km-koa eta 3.600 metroko desnibelekoa, besteak beste San Martin Harria, Issarbe, Larrau eta Laza gaina gainditu beharrekoa, eta laburragoa, 100 km-koa eta 2.600 metro desnibelekoa, Issarbe ez ezik gainontzeko hiru portuak gainditu behar zituena.

Eguraldia lagun, aipatzekoa da guztira 1.100 txirrindulari animatu zirela Larra-Larrau Martxa Zikloturista osatzera, tartean hainbat sakandar. Eta maila bikaina eman zuten. Horren erakusle, Iraitz Goñi arbizuarrak lortutakoa: ibilbide laburra osatzen azkarrena izan zen arbizuarra (3:22:31), Juan Ramon Delgadoren (3:22:32) eta Angel Luis Sanchezen (3:29:14) aurretik. Larrautik aurrera Iraitz Goñi eta Juan Ramon Delgado geratu ziren aurrean, eta bi txirrindulariek ongi elkar ulertu eta errelebotan ibili ziren, Izabara elkarrekin iritsi arte. Goñik zapatu zuen, lehenengo, helmugako marra. Arbizuarrak proba bukatzean onartu zuenez, gogor entrenatu zuen proba prestatzeko. “Duela 3 hilabete aita hil egin zen eta proba ongi egiteko betebeharra nuela sentitzen nuen. Juanra lagunari esker, lortu dugu” adierazi zuen helmugan. Migel Indurain txapeldun handia 5.a sailkatu zen (3:30:27), sasoiko jarraitzen duela erakutsiz. Iñigo Razkin arbizuarrak ere lan bikaina egin zuen (4:12:02).
Ibilbide luzeari dagokionez, azkarrena Aitor Quintana arabarra izan zen (5:00:05).