Psikologian, atxikimendua haurra eta bere guraso edo zaintzailearen artean eta ondoren, bizitzan zehar beste pertsona batzuekin sortzen den lotura afektiboari deitzen zaio. Atxikimenduaren teoriaren sortzailea, J.Bowlby izan zen (medikua eta psikoanalista). Bowlbyren arabera, bizitzan zehar gizakiok lotura afektibo estuak sortzeko beharra dugu.
Haur jaioberriak, bere biziraupenerako helduaren zaintza behar du. Hasieran batez ere, elikadura eta ongizatea eskaintzen dion pertsona, ama izaten da normalean. Beraz, ama eta haurraren artean gertatzen da lehenengo atxikimendu harremana. Gure hasierako atxikimendu harremanek, ondoren, bizitzan zehar egiten ditugun lotura afektiboetan, beste harremanetan, eragina daukate.
Haur jaioberriak eta haurrak ziur sentitzen dira bere beharrak hautematen, interpretatzen eta asetzen dituen pertsona heldu bat ondoan dutenean. Ongizate esperientziaren ondorioz, haurrek oinarri seguru bat lortzen dute. Oinarri seguruak, haurraren garapen egokia eta harek bere ingurunea esploratzea ahalbidetzen du. Honi, atxikimendu ziurra deituko genioke.
Atxikimendua ziurra ez denean, haurrak ez du oinarri seguru hori sentitzen eta horrek alderdi emozionalean eragina dauka. Adibidez, emozioak txarrak direla pentsatu dezake, kideekin intimitatea mantentzea arriskutsua dela sentitu dezake, autoestimu baxuagoa, konfiantza gutxiago sentitu dezake…
Zer da garrantzitsua atxikimendu ziurra sortu ahal izateko?
· Zaintzailearen konstantzia, koherentzia eta presentzia emozionala.
· Jaioberri eta haurraren beharrei (fisikoak, kontaktuzkoak, emozionalak…) erantzutea. Atxikimendu ziurraren sorreran, oinarrizkoa da hori, haurrarengan konfiantzazko sentimendu bat sortzen baitu.
Gure seme alaben lehenengo urtetan, horiekin konektatzen eta komunikatzen ikasten badugu, bere beharrei adi egoten bagara, atxikimendu ziur bat lortzeko bidea irekiko dugu eta ondorioz, bizitzan ziurtasun sentsazio handiago batekin mugitu ahal izango dira.