Iruñeko suhiltzaile parke bateko anbulantziak matxura izan zuelako, hura ordezkatzeko Altsasuko parkekoa eraman zuten. Iruñekoa konpondu ez eta Altsasukoa ere matxuratu zen. Orduz geroztik Altsasuko suhiltzaileen parkea anbulantziarik gabe dago. Matxuren arrazoia erabilera handia edota mantenu falta direla ohartarazi dute suhiltzaileek.
Altsasuko parketik azaldu digutenez, irailaren 1ean eraman zuten bertako anbulantzia Iruñera eta bi egunen buruan matxuratua zegoen. Osasun larrialdiak orain Baztan Bidasoa enpresaren anbulantziekin betetzen dira, edo DYArenarekin, boluntarioak libre daudenean. Altsasuko parkeko anbulantzia noizko konponduko duten ez dakite.
Altsasuko parkeko suhiltzaile batek azaldu digunez, egoera horrek koordinazio falta sortzen du. “Gu larrialdira ziztu bizian ateratzen gara, baina ez dakigu anbulantzia noiz etorriko den, atera den edo bidean den. Eta agian pertsona bat auto batean harrapatua dago. Baina anbulantzian dagoen materialik gabe ezin dugu ezer egin. Eskuak lotuak ditugu. Hura iristeko zain egon behar dugu”. Suhiltzaileek anbulantzian dituzten hainbat tresna faltan dituzte une garrantzitsu horietan. “Ez da soilik zerbitzuaren kalitatea jaisten dela. Bizitzak arriskuan egon litezke lanerako baliabide nahiko ez dugulako” esan digu Altsasuko parkeko suhiltzaileak.