Gutun honekin nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet Guaixe eta Beleixe sustatzen dituen Bierrik fundazioari, Urdiaingo Errotain zaldi ibilbideei eta Otzaurte jatetxeari.
Nire erosketak Lakuntzako ohiko dendan egiteagatik eta Bierrik fundazioaren bazkide naizenez, Beleixeguaixe txartela izateagatik Sakatxartel asteburuko zozketan parte hartzeko txartela oparitu zidan harakinak uztailaren azkeneko asteburuan. Hara sorpresa Guaixetik deitu eta saria tokatu zitzaidala esan zidatenean! Abuztuan tokatutako sari bikainaz gozatu dugu eta horregatik nire esker oneko hitzak.
Batetik, Bierrik fundazioari, Sakanan euskarazko Guaixe eta Beleixe komunikabideak sustatzeaz gain, Beleixeguaixe txartelarekin eta Sakatxartel asteburuak sariekin bertako komertzioa sustatzen laguntzen dutelako eta erabiltzaileen artean zozketa ederrak egiten dituztelako. Eta bestetik, Otzaurte jatetxeari eta Errotain zaldi ibilbideei. Otordu bikainaz gozatu genuen Otzaurten, oso ongi hartu gintuzten eta asko disfrutatu genuen. Eta Urdiaingo Errotain zaldi ibilbideetan berdin. Lehendabiziko aldia zen zaldiz ibiltzera joaten ginena eta urduritasun puntu batekin geunden, baina beso zabalik hartu gintuzten, sekulako pazientzia eta mimoa izan zuten gurekin eta, ondorioz, primerako zaldi ibilbidea egin genuen. Bikain pasatu genuen, zaldiz ibiltzeko esperientzia non eta Sakanan bertan izatea handia da eta mundu guztiari gomendatzen diot.
Besterik gabe, eskerrik asko guztiagatik.