Emakumeak korrika egitera!

Guaixe 2014ko irailaren 18a

Emakumeak korrikan.

Sakanako emakumeendako atletismo eskola antolatu du Mank-ek Dantzalekuko pistan

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, hirugarrenez Sakanako emakumeendako atletismo eskola antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Altsasuko Dantzalekuko atletismo pistan. Horretarako Altsasuko Udaleko Emakumearen Bilgunea, Altsasuko Udalaren Kirol Zerbitzua, Iñigo Aritza ikastola eta Dantzaleku Sakana Atletismo taldearen laguntza izan du Mank-ek.

Mikel Lakuntza izango da emakumeen atletismo eskolako irakaslea eta eskola irailaren 30ean hasiko da, maiatzean bukatzeko. Asteartetan eta ostiraletan izanen dira klaseak, 17:45etik 18:45era.

Izan ere, emakume gehienak bere kabuz ibiltzen dira korrika, baina askotan, korrika egiteko teknika ikasteko zailtasuna dute. Emakumeendako atletismo eskolarekin formazio hori eskaini nahi zaie. Bestalde, eskolarekin emakumeen artean harremana sustatu nahi da, lasterketetara eta beste elkarrekin joateko.

Aurreko urtean 19 emakumek parte hartu zuten eskolan eta balorazioa oso ona izan zen. Ea aurten zein erantzun duen eskolak.

Izena ematea 25era arte zabalik
18 urtetik gorako emakumeek eman ahal dute izena, irailaren 25era arte, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Prezioa: 66 euro. Klaseak euskaraz izango dira, eta norbaitek ez badu ulertzen gaztelaniaz zuzenduko zaio.