Garagarrilaren 28az geroztik 92 aitzindariren web orriak .eus domeinua ari dira erabiltzen Interneten. Euskararen Nazioarteko Egunera arte haiek izanen dira sarean “euskal abizena” zabalduko duten bakarrak. Horretarako ordaindu baitiote PuntuEus fundazioari. Aitzindari horiei web gune gehiago batuko zaizkie abenduaren 3tik aurrera. Batzuk web berriak izanen dira eta beste batzuk helbidez aldatuko dute, .com, .es, edo .org modukoak .eus-gatik ordezkatuz.
PuntuEus fundazioak asteartean zabaldu zuen domeinuak erregistratzeko lehen fasea, azaroaren 18ra arte luzatuko da. Abiarazte aldian babesteko moduko izenak erregistratzeko lehentasuna izanen dute (marka erregistratuak, tokiko markak, erakunde publiko, elkarte eta enpresak), publiko orokorrera ireki aurretik. Orain eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean.
Abendu hasieratik aurrera .eus domeinuaren fase irekia edo orokorra etorriko da, nahi duen guztiari zabalik izanen da. Beti ere, PuntuEus fundazioaren irizpideak betetzen badira. Guztia behar bezala bideratzeko fundazioak protokoloa zehatza du.
Sei pauso
1. www.domeinuak.eus-en sartu.
2. Erabili nahi dugun domeinua eskuragarri dagoen egiaztatu.
3. Erabilgarri badago, web orrian dauden erregistradore zerrendan bat aukeratu eta bere web orrira jo.
4. Erregistradore web orrian eskatutako datuak bete.
5. Erregistradorea fundazioarekin harremanetan jarriko da, domeinuak fundazioaren irizpideak betetzen dituen aztertzeko.
6. Irizpideak betez gero, fundazioak erregistradoreari web orria aktibatzeko eskatuko dio. Ordu batzuen ondoren ikusgai izanen da web orria.