Kontseiluak eta Udalbiltzak lankidetza hitzarmena sinatu dute

Guaixe 2014ko irailaren 18a

Garbiñe Petriati (Behatokia), Mertxe Aizpurua (Udalbiltza) eta Paul Bilbao (Kontseilua).

Udalbiltzak udaletan kudeatuko ditu Euskararen Telefonoan bildutako kexak.

Asteartean sinatu zuten bi erakundeek hitzarmena. Udabiltzak bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondotik 10.000 euro emanen dizkio Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluari. Diru hori Hizkuntz Eskubideen Behatokira bideratuko da. Azken erakunde horrek hizkuntz eskubideen egoeraren diagnostikoa egiten du. Horretarako baliabide bat herritarrek Euskararen Telefonoan utzitako kexak dira. Hitzarmenean jasotakoaren arabera, udal arloko kexak direnean Udalbiltzak udalei igorriko dizkie herritarren kexa horiek.

Hitzarmen ekitaldian, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko arduradun Garbiñe Petriatik Udalbiltzako buru Mertxe Aizpuruari txosten bat eman zion. Joan den urtean toki administrazioei lotutako kexak jaso ditu Behatokiak txostenean. Gainera, udaletan herritarren hizkuntz eskubideak bermatzerakoan antzemandako gabeziak adierazten ditu. Aizpuruak adierazi zuen txostena lan tresna garrantzitsua dela udaletako hautetsiendako, “toki administrazioan euskararen normalizazioaren aldeko lana aztertzen eta hobetzen lagunduko baitu”.