Astelehenean Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 gazte euskal herritar epaituko dituzte. Horien artean daude Arbizun bizi den Ainara Ladron eta Imanol Salinas olaztiarra. 1/12 sumarioaren harira, Segiko buruzagi izatea egotzita epaituko dituzte. Epaitegi horrek 2007an Segi “erakunde terrorista” izendatu zuen. Hiru hilabetetan 30 auzi saio aurreikusi ditu epaitegiak.
28ak Libre ekinbidearen barne, udan makina bat ekitaldi egin dira han-hemenka gazte horien kontrako epaiketaren zentzugabekeria eta bidegabekeria salatzeko. Gainera, Euskal Herrian zabaldutako prozesuan traba jarri eta eskubide zibil eta politikoen urraketa dela nabarmendu dute ekitaldi horietan. Ekinbide horren barruan laranja koloreko kamisetak eta zapiak ezagun bihurtu dira.
Sinadurak
Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Olatzagutian epaituei babesa azaltzeko taldeak sortu dira. Haien bidez udaletan mozioak aurkeztu dituzte, 28 gazteen gaia bilkuretan azter dadin.
Bestalde, igandean, Gernikan, Herritarron Adierazpena aurkeztu zuten auzipetuek. Haren aldeko atxikimenduak jasotzeko sinadura bilketa kanpaina martxan jarri dute. 28ak aske uztea eta inolako zigorrik ez jartzea eta “justizia, garai bateko trantsizio ikuspegitik aplikatzen” hasteko beharra jasotzen du adierazpenak. Idatzian ere jaso da inkomunikazio aldian torturapean egindako deklarazioak erabiliko direla akusazio gisa. Garagarrilean akusazio bera zuten 40 gazteak absolbitu ondoren, epaiketak zentzurik ez duela ere gaineratzen da.
Sakandarrak
Imanol Salinas Ijurko 2010eko lastailaren 22an atxilotu zuten Olatzagutian. Espetxean urte bat eta hiru hilabete eman ondoren, 30.000 euroko bermea ordainduta 2012ko ilbeltzaren 18an utzi zuten aske. Ainara Ladron egun berean atxilotu zuten Elgoibarren. Urte eta bost hilabete egin zituen behin-behinean espetxean, 30.000 euro pagatu ondoren 2012ko martxoaren 27an bermepean aske utzi zuten.
Deialdiak
Igandean, 12:00etan, Loiolako basilikan prentsaurreko jendetsua.
Astelehenean, 19:30ean, Olatzagutian, kontzentrazioa.