Lehena, joan den astelehenean izan zen, Sakanako Mankomunitateko presidente Aitor Karasatorre eta Etxarri Aranazko alkate Joxi Bakaikoa La Planako Mankomunitatearen egoitzan izan ziren. Mankomunitate horrek materia organikoa kudeatzen du eta nola egiten duten jakin nahi izan dute sakandarrek. Karasatorrek gogorarazi digunez, “gure asmoa da hondakin organikoaren tratamendua egitea eta La Planan nola egiten zuten jakin nahi genuen”.
Bi sakandarrak asteartean Kataluniako Hondakinen Agentziako ordezkariekin elkartu ziren. Sortutako hondakin kopuruaren arabera tasa bat edo beste ordaintzea proposatzen ari da Mank Nafarroako Hondakinen Partzuergoan. “Kanon hori Katalunian nola duten arautua ezagutzeko aukera izan genuen bilera horretan”.
Altsasuarrekin batera
Asteazkenean Karasatorreri eta Bakaikoari Altsasuko udal ordezkariak batu zitzaizkien: Garazi Urrestarazu alkatea eta Unai Hualde (Nabai 2011), Cristobal Lanz (NaBai 2011) eta David Medina (PSN) zinegotziak. Guztiak Argentonako Udaleko (Bartzelona) ordezkariekin elkartu ziren.
11.920 biztanle ditu Argentonak eta 2004tik atez ateko hondakin bilketa sistema martxan dago. Altsasuren pareko tamainako herri batean hondakin bilketa sistema hori nola egiten den jakin zuten lehen eskutik guztiek. Argentona Kataluniako zero zabor udal sareko buru da eta herrialdean gaikako bilketan eredu.
Altsasun hondakin bilketa sistemaren nondik norakoak zehazteko Mank-eko eta udaleko ordezkariak elkarrizketa erronda egiten ari dira. Udaleko taldeen gehiengoak hondakinak jasotzeko proposamen zehatza egin zion Mank-i garagarrila hasieran: birziklatze tasa handitzeko giltza edo txipdun 5. edukiontzia ezartzea eta borondatezko konpostatzea sustatzea. Mank-ek bere ekarpenak egin zituen eta Altsasuko udaleko taldeen gehiengoak proposamen berria aurkeztu zuen. Altsasuko festen ondoren aldeak elkartzekoak dira.
Irurtzun
Altsasurekin batera hondakin sistema berria ezarri ez den ibarreko beste herria da Irurtzun. Mank-etik azaldu digutenez, udazkenean jarriko litzateke auzo-konposta bilketa martxan. Txiki Iriarte alkateak esan digunez, oraindik ez du Mank-eko argibiderik jaso. Irurtzunen tamaina ezberdinetako bederatzi auzo-konpostagailu jartzea aurreikusia dagoela jakinarazi digu Iriartek. “Hasiera batean 200 familiek egin dute horren aldeko aukera, baina adostua dago martxan jarri aurretik Mank-ek informazio kanpaina eginen duela”.
Erosketa
Mank-en agorrileko batzarrean erabaki zen 6.000 euro bideratzea hondakinen zerbitzurako bigarren eskuko kamioi bat erosteko. Ibilgailu txikia da Mank-ek eskuratu duena. Karasatorrek argitu digunez, “ohartu gara, kamioi txikiagoekin zerbitzu egokiagoa ematen dugula”.