Ikasturte berriarekin batera, Sakanako Mankomunitateko gerente-kudeatzaile kargua urte baterako utzi du Adolfo Araizek. Gauzak horrela, Mank-ko buru Aitor Karasatorre Muguruzak erabaki du gerente plaza hutsik uztea eta erakunde bereko langile-funtzionario bat zerbitzuen koordinazio lanetan jartzea. Karasatorrek konfiantzazko postu horretarako Natalia Razkin Sagastibeltza aukeratu du, eta legegintzaldi akaberara arte ariko da lan horretan.
Karasatorrek azaldu digunez, “heldu den maiatzeko hauteskundeen ondoren, irailean Mank-en batzarra berrituko da. Batzar berriaren jarduna ez dugu baldintzatu nahi. Urte bat barru batzar berriak erabakiko du Razkin mantentzen duen, gerente kargua betetzeko deialdia egiten duen edo kargua kentzen duen. Beti ere, Araizek urte bete barru bueltatzea edo ez erabakitzen duenaren arabera”. Erabaki horren aldeko beste arrazoi bat ere aipatu digu Karasatorrek, gobernuak toki administrazioan egin nahi duen erreformak ekar ditzakeen aldaketak.
Langile berria
Mank-eko aurreko idazkaria jubilatu zenean Araizek kontu-hartzaile lanak bere bizkar hartu zituen. Baina Mank-eko plantila organikoan postu hori hutsik zegoen. Nafarroako Kontu Ganberak emandako aholkuei segituz, Mank-ek kontu-hartzaile lanpostua betetzeko deialdia egin zuen. Irailaren 4tik Lakuntzako egoitzan lanean ari da Nerea Malkorra.
Hautagai?
Azken aldian hainbat hedabideek zabaldu dute Adolfo Araiz izan daitekeela EHBilduk Nafarroako hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrenda-burua. Mank-en dakiten bakarra da arrazoi pertsonalak argudiatu dituela eszedentzia hartzeko.