3MBk Nafarroan errausketa “egiazki baztertzeko” exijitu du

Guaixe 2014ko irailaren 22a

Plataformaren arabera Nafarroan errausketa baztertzeko iragarpena “ez da egiazkoa FCCri Olatzagutiko porlandegian milaka tona hondakin erraustea baimentzen bazaio”.

Plataformak lastailaren 11rako protesta mobilizazioa iragarri du Altsasun eta parte hartzera deitu du.

Bai UPNk bai PSNk Nafarroan errausketarik ez dela izanen esan ondoren, 3 Mugak Baterak (3MB) plataformak “egiazki baztertzeko” exijitu du, Olatzagutiko porlandegiko energia balioztatze egitasmoa bertan behera uzteko eskatuz. 3MBtik gogora ekarri dute aipatu bi alderdiek Nafarroako Hondakin Planean Energia Balioztatzeko Planta egitea aurreikusten zutela eta haren tamaina txikitzeko Olatzagutiko porlandegian balioztatzea baimendu zutela. “Orain planta egitea baztertzen dute eta hondakinak errausteko zementu-fabrika utzi dute”.

3MBtik adierazi dutenez, “hondakinak erraustearen negozioa FCC multinazionalaren esku uztea ez da Nafarroarendako komenigarria”. Aurreikusi eta eginen ez den Energia Balioztatzeko Plantan Nafarroan sortutako hondakinak erraustuko lituzke. “Baina birziklatzeari buruzko legedi berriak kontuan izanik, Nafarroako hondakinekin planta ez litzateke errentagarri izanen”.

Nafarroako eta kanpoko hondakinak
Arriskua FCCk eta Nafarroako Gobernuak 2012an sinatutako hitzarmenena ikusten du plataformak. Han jaso zen lehentasunez Nafarroan sortutako hondakinak erraustuko liratekeela. “Beraz, nahiz eta guk hondakinak gutxitzen eta birziklatzen gure lana egin, beste edozein tokitatik ekarritako milaka tona hondakin Olatzagutiko porlandegian, Nafarroan erraustuko da”.

Atzera ere, 3MB plataformak gogora ekarri du hondakinen errausketak pertsonen, osasunean, ingurumenean eta inguruko eskualdeetako ekonomian eragina duela. Horregatik, errausketa betiko baztertzea eta zero zabor helburu duten hondakinak berreskuratzeko politikak sustatzeko eskatu du.

Adibidea
Porlandegiak hondakin kopuru handiak errausteko gaitasuna duela azpimarratu du 3MBk. Horren adibide gisa Sevillako Alcala de Guadairako porlandegia jarri du. Andaluziako Juntari 292.000 hondakin tona errausteko eskatu dio, horietatik 150.000 tona errefusa lirateke.