Osak km bertikaleko errekorra apurtu zuen

Guaixe 2014ko irailaren 22a

Jose Luis Beraza uhartearra, probako bigarren sakandarra, Beriainen gora. Argazkia: Utzitakoa.

Uharte Arakildik Beriainerako tartean errekor berria ezarri zuen, iaz Iaz Ionut Zincak ezarritako denbora (42:42) 2 minutu pasa hobetuz (40:21). Emakumezkoetan Laura Sola gailendu zen (51:17). Aritz Munarriz izan zen lehen sakandarra, helmugan 5.a (46:00).

Sakandarrak Uharte Arakil-Beriain Km bertikalean
1.Aitor Osa: 40:21
5.Aritz Munarriz (Etx): 46:00
7.Jose Luis Beraza (Uhar): 46:29
12.Mikel Rubio (Irur): 47:50
19.Beñat Katarain (Lak): 50:24
21.Mikel Satrustegi (Arru): 50:34
22.Gorka Santesteban (Etxarren): 50:49
26.Mikel Berastegi (Arb): 51:05
28.Fidel Jimenez (Etx): 51:11
36.Francisco Codon (Irur): 51:56
42.Jose Javier Maiza (Etx): 52:48
43.Aritz Ganboa (Arru): 52:52
45.Alatz Agirre (Arb): 52:59
47.Julen Paniagua (Urd): 53:24
48.Mikel Sasiain (Etx): 53:26
49.Aitor Hernaiz (Lak): 53:32
51.Adur Senar (Lak): 53:51
52.Angel Arrieta (Uhar): 53:55
53.Patxi Cano (Alts): 54:04
66.Fran Araña (Arb): 55:08
68.Eneko Otsagabia (Lak): 55:37
79.Iker Flores (Alts): 56:40
89.Mikel Iriarte (Arb): 57:11
96.Patxi Albeniz (Uhar): 57:37
101.Juanjo Armendariz (Irañeta): 58:34
102.Ipe Lizarraga (Irur): 58:38
109.Iñaki Alvaro (Alts): 59:21
122.David Gonzalo (Uhar): 1:01:05
126.Jose Javier Beregaña (Uhar): 1:01:37
138.Asier Agirre (Zior): 1:02:30
142.Iban Verdugo (Etx): 1:03:19
149.Mikel Intxauspe (Irañ): 1:04:23
151.Txomin Razkin (Lak): 1:04:26
152.Alain Gabirondo (Iturm): 1:04:29
153.Floren Beraza (Irañ): 1:04:42
159.Erkuden San Martin (Etx): 1:05:44
160.Kepa Paniagua (Urd): 1:05:59
169.Jose Ignazio Otsoa (Zior): 1:07:43
188.Jorge Martinez (Alts): 1:16:53

Uharte Arakil Beriain Km Bertikala beti izaten da ikusgarria. Baina atzoko edizioa, akaso, are ikusgarriagoa izan zen. Eguraldia lagun, jende asko bildu zen Beriainen proba jarraitzera eta korrikalariak animatzera, eta giro bikaina izan zen. Proban lehenengo aldiz estreinatu zen Aitor Osa txirrindulari ohi debatarrak sekulako ikuskizuna eskaini zuen. Aurreko urtean Ionut Zincak ezarritako errekorra (42:42) bi minutu pasa hobetu zuen Osak, erlojua 40:21ean geratuz. Harrigarria gipuzkoarrak lortutakoa. Emakumezkoetan Uztarrotzeko Laura Sola izan zen azkarrena (51:17). Ez zuen aurreko urtean Leire Agirrezabalak lortutako errekorra gainditu (49:47).

Aralar Mendi klubak antolatutako proban izena eman zuten 199 korrikalariak banaka-banaka atera ziren Uharte Arakilgo frontoitik, 30 segundoro. Proba kronometratua zen, distantzia laburrekoa (5 km) baina gogortasun handikoa, 1.023 metroko desnibela zuen eta sekulako maldak, %70ekoak tartean. Nafarroako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria zen lasterketa. Igerilekuetatik xenda hartu eta Autzasoroburura (655 m) iritsi ziren korrikalariak, ibilbide erdira. Hortik gora hasi zen gogorrena, aldapa izugarriekin. Korrikalari askok bastoiekin osatu zuten proba, eta gehienak ia lau hanketara gainditu zituzten %70eko maldak. Eta hori bildutako jendearen txalo zaparraden artean. Helmuga San Donato ermitan zegoen.

Igoera ordu bat baino gutxiagoan egitea handia da, baina atzo aritu ziren 199 korrikalarietatik 113k jaitsi zuten denbora hori, korrikalarien maila handiaren berri emanez. Osak maldetan gora hegan egin zuen. “Duela 15 egun etorri nintzen proba nolakoa zen ikusteko. Proba gogorra da, esplosiboa, baina oso polita. Errepikatzekoa” adierazi zuen Espainiako Km Bertikaletako Kopako Arredondoko azken proba irabaztetik zetorren gipuzkoarrak. Iritzi berekoa zen Laura Sola. “Pozik nago irabazi izanagatik. Gustuko dudan proba da, oso polita. Hasieratik topera zoaz, oso gogorra da, baina gora iristean eta jendearen tartean gora eginez, haien animuak entzutean… oiloipurdia jartzen zaizu” aipatu zuen Solak.

Sakandarrak bikain
38 sakandar animatu ziren km bertikala osatzera, kopuru handia, mendi lasterketek Sakanan duten arrakastaren isla. Azkarrena Aritz Munarriz izan zen. Etxarriarra 5.a sailkatu zen (46:00), primerako denbora lortuaz. 29 segundo beranduago sailkatu zen Jose Luis Beraza, 7. postuan, lehen uhartearra. Emakumezkoetan sakandar bakarra aritu zen, Erkuden San Martin (1:05:44).

Beriaindik jaitsita, Nerea Cenoz nutrizionistak prestatutako hornidura espezifikoarekin indarrak berreskuratu zituzten korrikalariek. Sari ematean 1.400 euro banatu ziren irabazleen artean. Errekorra apurtzeagatik beste 300 euro jaso zituen Osak.

www.uhartearakil-beriain.com
Sailkapena, argazkia, eta probako informazio guztia.