Epaiketara agertu ez diren bost gazteak atxilotzeko agindu dute

Guaixe 2014ko irailaren 22a

Haien artean Imanol Salinas olaztiarra dago.

Espainiako Auzitegi Nazionalean gaur hasi dira 28 gazte epaitzen. Segiko kide izatea eta, beraz, erakunde terroristako kide izatea egotzi diete. Sei urteko espetxe zigorra eskatzen dute haiendako. Epaituen artean daude Arbizun bizi den Ainara Ladron eta Imanol Salinas olaztiarra. Azken hori eta beste lau gazte ez dira gaur epaitegian agertu. Loiolako basilikan sortutako Aske Gunean gelditu dira. Haiek atxilotzeko agindua eman du epaitegiak. Epaileak ohartarazi du kartzelan egon beharko dutela epaiketak iraun artean.

Auzipetuek, atzo, hainbat lagunen babesarekin prozesua salatu eta guztiak libre uzteko eskatu zuten. 28ek atzo nabarmendu zuten Euskal Herriko gatazkak konponbide demokratikoa lortuko badu guztion ekarpena dela beharrezkoa. “Elkartasunetik konpromisora, eta konpromisotik konponbidearen aldeko aktibaziora, horra hor gakoa”.

Madrilera joan gabe gelditu direnek konponbidearen aldeko mezua eman dute Loiolatik. Frantziaren eta Espainiaren “oztopoak” salatu dituzte, eta erakunde, alderdi eta eragile orori “ekarpenak” egiteko eskatu diete. "Prozesu demokratikoa sustatu" nahi dutela esan dute bost auzipetuek.

Desobedientziarako deia egin zuten gazteek. Eta eurek 28 desobedientzia era erabiliko dituztela aurreratu zuten. Lehen ekimena Loiolako Aske Gunea sortzea izan da. Epaiketa hasi orduko konponbidea bai eta epaiketarik ez leloak zituzten kartelak erakutsi dituzte eta epaileak epaiketa behin-behinean eten du.

28ak libre
Eskaera hori eginen da gaur, 19:30ean, Olatzagutiko plazan.