Ez ahazteko moduko jardunaldia bizi izan dute Etxarri Aranatzen eta Altsasun asteburuan. Izan ere, erregional mailan dabiltzan bi talde sakandarrek gol festa ederra ospatu dute.
Lehenik eta behin, Etxarri Aranatzek 6-0 hartu zuen menpean Salesianos taldea San Donato zelaian jokatutako partidan. Hasieran bi taldeek izan zuten jabetza, baina aurrerago Etxarri Aranatzena izan zen baloia. 20. minutuan Urrestarazuk sekulako gola sartu zuen area kanpotik. 35. minutuan arbitroak Salesianos taldeko Migel atezaina kanporatu zuen eta Xabatek Etxarriren bigarren gola sartu zuen, penaltyz. Hortik aurrera Etxarri jaun eta jabe izan zen. Salesianosek aukera polita izan zuen, huts egindakoa, eta segidan Urkiak bi gol sartu zituen. Horrela, atsedenaldira 4 goleko errentarekin joan zen Etxarri. Bigarren zatian Etxarri Aranatzek Salesianos taldea estutu zuen eta Ruedak eta Xabatek sartutako golekin 6-0 gailendu ziren etxarriarrak.
Dantzalekun Altsasuk Berriozar hartu zuen. Etxean jaun eta jabe izan ziren altsasuarrak, eta zortea alde, guztia ongi atera zitzaion talde gorritxoari. Hasieratik iritsi ziren golak. Davidek 6. minutuan eta Aitorrek 14.ean, atsedenaldira 2 goleko errentarekin joatea ahalbideratu zion Altsasuri. Bigarren zatian joera berberarekin jarraitu zuen partidak. Penalty argi bat sartu zuen Dariok. Berriozarrek falta ugari egin zituen eta 3 jokalari gutxiagorekin geratu ziren. Aitorrek eta atzera ere Dariok, kontrako atean asmatu eta 5-0 irabaziz bukatu zuen norgehiagoka Altsasuk.
Sailkapen orokorrean Etxarri Aranatz da lider berria (7 puntu). Altsasu 4.a da (6 puntu). Asteburuan Iruñean jokatuko du Etxarrik, San Jorgeren kontra eta Zizurren, Ardoi B-ren kontra lehiatuko da Altsasu.