Ikurren Lege berri baten alde sinatzeko deia egin dute

Guaixe 2014ko irailaren 22a

Epea luzatu eta abenduaren 15a bitarteko epea izanen da sinadura emateko.

Udan sinadurak biltzen hasi ondoren, ahalik eta sinadura gehien biltzeko asmoz epea zabaldu dute. Halaxe jakinarazi dute Nafarroan Guztion Ikurrak Herri Ekimen Legegileko (HEL) sustatzaileek. Herritar sarea jabetu da Nafarroako toki guztietara ez direla iritsi eta hori zuzendu nahi du. Horretarako boluntarioen eta mota guztietako eragile sozial, sindikal eta politikoen inplikazioa eskatzen ari dira sarea osatu eta sinadura orriak zabaltzeko.

Jasotako sinadura guztiak Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dituzte, ikurren legea moldatu eta, besteak beste, ikurrinaren kontrako jazarpena eteteko eskatuz. “Herritarrek bere egiten dituzten ikurrak debekatu edota bere egiten ez dituztenak inposatzea ez da zilegi, ez da bidezkoa eta ez dugu onartzen”.