Auzipetutako 28 gazte euskal herritarren kontrako epaiketak aurrera segitzen du. Atzo auzitegian ziren gazteak epaiketa hasi orduko eten egin zuten, desobedientzia eginez. Aldi berean epaiketa politikoen aurkako eta konponbidearen aldeko mezuak erakutsi zituzten. Atzo zortzi auzipetuk deklaratu zuten eta haietatik zazpik atxilotze-aldian torturak salatu zituzten.
Deklarazio zain daudenen artean Arbizun bizi den Ainara Ladron eta Imanol Salinas olaztiarra daude. Azken hori, beste lau auzipeturekin batera, atzo ez zen Madrilera joan eta Loiolako basilikan sortutako Aske Gunetik epaiketa salatu eta konponbiderako deialdia egin zuten. Espainiako Auzitegi Nazionalak haiek atxilotzeko eskatu zuen eta iluntzean, indarrez, Ertzaintzak atxilotu zituen bostak.
Epaitegian fiskaltzak Loiolan izandako bostendako espetxe zigorra eskatuz du. Defentsak, berriz, aske uzteko: “Egin zuten bakarra da protesta ekintza bat, publikoa eta baketsua”. Arrazoitu du epaimahaiak bazuela Loiolakoaren berri, iragarria zegoelako, eta akusazioak ukatu dituztela. Angela Murillo epaileak esan du epaimahaiak ez zuela protestaren berri, eta berdin zaiola, gazteak ez zirela auzitegira aurkeztu. Epaileak ez du haiei buruzko erabakirik hartu.