Urbasako saroian eraildakoen identifikazioa

Identitate bila Urbasan fusilatutako sei

Guaixe 2014ko ira. 24a, 13:54

Urbasako saroiko leze barruan gorpuak berreskuratzeko lanean.

Gerrakoan euren senideak Urbasan hil zituztela uste duten familiei Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartearekin harremanetan jartzeko eskatu zaie: affna36@yahoo.es

Joan den urteko apirilean Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideek Urbasako saroiko leizean bilaketa lanak hasi zituzten. Balbino Bados, Balbino Garcia eta Gregorio Garciaren gorpuak opatu zituzten. Baita beste zazpirenak ere. Haietako bat berriki identifikatu ahal izan dute: Jose Urbizu, Zegamako 27 urteko ikazkina. Euren senideek aurki jasoko dute gorpua.

Urbasan opatutako sei pertsonen identitatea jakitea falta da. Horregatik, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak deia egin du: euren senideak Urbasan erail zituztela uste duten familiak elkartearekin harremanetan jarri. “Bizi- eta familia-historia bat osatzeko norbaitekin parekatu beharra daude gorpuak”. 1936an fusilatutako pertsona horiek lezera botaz haien heriotza ezkutatu nahi izan zutela nabarmendu du elkarteak.

Salaketa
Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak halako ikerketak elkarteek euren baliabideak erabiliz egin behar izatea salatu du. Nafarroako Gobernuak halako kasuetarako ez plan ez bide-orri zehatzik ez izatea gaitzetsi dute, baita gorpuak hobitik ateratzeko borondate sendoa ez izatea ere. Horrek guztiak gorpuen identifikazioa luzatzen duela nabarmendu dute.