Madrilen gaur hirugarren saioa du Segiko kide izateaz akusatuta dauden 28 gazteen kontrako epaiketa. Gaur ere atxilo-aldiko tortura testigantzak entzun dira Espainiako Auzitegi Nazionalean. Gazteek defentsaren galderei erantzun diete
Arbizun bizi den Ainara Ladronek atzo goizean eman zuen testigantza. Erakunde terroristako kide izatea ukatu zuen. “"Independentziaren eta sozialismoaren alde, autodeterminazioaren alde, militantzia politikoa aritu naiz, eta ari naiz”. Salatu zuenez, atxilotzeko unean idazkari judizialari behin eta berriz esan zion ez zuela deklaratu nahi, baina hark ez zuen aktan jaso. Ladronek atzo torturak eta sexu erasoak salatu zituen, instrukzio epailearen aurrean egin zuen moduan. Polizia etxeko deklarazioa ukatu zuen. Ladron, haurdunaldiagatik, auziaren azken egunera arte ez du epaitegira joan beharko.
Auziagatik protesta egiteko Loiolako basilikan Aske Gunean gelditu ziren bost gazteak Madrilgo Soto del Real espetxean sartzeko agindu zuen epaileak. Fiskalak hala eskatu zuen, “ihes egiteko arriskuagatik” eta “justifikaziorik gabe justiziaren ekinbidea saihestu nahi izateagatik”. Loiolan atxilotu ondoren gazteek tratua egokia izan zutela esan zuten.