Lagun asko gara eta oso ongi pasatzen dugu

Eneida Carreño eta Maider Betelu 2014ko irailaren 26a

Milakolore elkartekoak aterpeko egonaldian egindako argazkian.

Naira, Josu eta Mikel Mila Kolore Elkarteko kide dira.

1.Nola deitzen da zuen elkartea?
Sakanako Mila Kolore Elkartea.

2.Zergatik Mila Kolore?
Gure elkarteko gelan kolore asko daudelako eta guri koloreak asko gustatzen zaizkigulako.

3.Zer egiten duzue elkartean?
Denak: Gauza asko! Psikoballetean Irantzurekin dantzatzen dugu. Berak dantza erakusten digu eta gustatzen zaigu. Dantza ezberdinak, berari eta guri gustatzen zaizkigunak.
Josu: Ni rockeroa naiz. Gustatzen zaizkit kanta rockeroak, martxosoak…
Denak: Gero Maiterekin musikoterapia egiten dugu. Instrumentuak jotzen ditugu, Nairak pandereta, Josuk tronpeta… Baratza komunitarioan ere parte hartzen dugu eta han jasotzen duguna gero jan egiten dugu. Eta sukaldaritza tailerra ere egiten dugu.

4.Zenbat lagun egoten zarete?
Asko, Sakana guztikoak. Gu, Lizar, Ana Maria, Izaskun, Isaac, Rosa, Nora, Yousef, Alex, Oier, Maitane, Aitor, Carlos, Vanesa… Lagun asko! Oso ongi pasatzen dugu.

5.Noiz etortzen zarete elkartera?
Larunbatetan, hamabostean behin. Hilero bi edo hiru larunbatetan. Elkartean elkartzen gara baina herrira ere ateratzen gara. Altsasutik kanpo ere txangoak egin ditugu eta kanpoan ere lo egin dugu, Ollon, Goldaratzen… Altsasuko Udalak prestatzen duen Concilia programan ere parte hartzen dugu. Batukada ere egin genuen, Dantzalekuko igerilekuetara joan…

6.Zuek ez zarete bakarrik egoten. Laguntzaileak dituzue, zuekin egoten diren boluntarioak.
Bai, boluntarioki etortzen dira gurekin egotera, beraiek nahi dutelako. Eta gu oso kontentu gaude beraiekin.

7.Nortzuk dira boluntarioak?
Marta, Elvira, Ainara, Imanol, Cristina, Ainara, Sergio, Elvira, Amaia, Manuela, Juana “gure amona”, Irantzu, Zuriñe, Begoña, Eider, Maialen, Rakel… Gehienak boluntarioak dira eta beste batzuk monitorek, Conciliakoak. Altsasu, Bakaiku, Etxarri… herri askotakoak dira.

8.Zuek nahiko zenukete oraindik ere lagun gehiago etortzea?
Bai. Ongi pasatzen dugulako eta jende berria ezagutu nahi dugulako. Sakana osoari esaten diegu ea gurekin ongi pasatu nahi duten musikoterapia, psikoballeta, irteerak eta halakoak egiten. Honutza etorri daitezela!

9.Non zaudete?
Altsasun, Intxostiapunta gazte guneko gela batean dago Mila Kolore Elkartea. Facebooka ere badugu (Asociacion MilaKolore Elkartea), e-posta (milakoloreelkartea@gmail.com) eta telefonoak (660 29 96 17, 606 508 138). Larunbatetan 17:00etatik 20:00etara biltzen gara hamabostean behin. Horretaz gain, urtean barna beste irteera batzuk egiten ditugu.

10.Boluntario egin nahi duenak zer egin behar du?
Atea zabalik egoten da, boluntario egin nahi duten guztiak etor daitezela! Ez dute formaziorik izan behar, boluntario izatearekin nahiko.

11.Jende berria etortzen bada ongietorri festa egingo diezue?
Bai! Merendola bat, edo dantzatu, edo loreak egingo ditugu…Nahi baduzue gurekin ongi pasatu etorri Mila Kolore elkartera!