Segiko kide izateagatik erakunde terroristako kide izateaz Espainiako Auzitegi Nazionalean 28 gazte euskal herritarren kontrako epaiketa hasi zen astelehenean. Atzo arte guztiek deklaratu dute. Espainiako Poliziak atxilotutako 20etatik 19k salatu dute tortura. Gainontzeko 8ak Frantziako Poliziak atxilotu zituen eta batek ere ez zuen torturarik salatu.
Atzo arratsaldean epailearen aurrean eseri zenetako bat Imanol Salinas olaztiarra izan zen. Azaldu zuenez, atxilo-aldiaren aurreneko orduetan jaso zituen kolpeak, Iruñean eta Madrilera bidean. Ez zuen galdeketa ilegalik izan eta komisaldegian eta instrukzio-epailearen aurrean akusazioak ukatu zituen Salinasek. Atzo gauza bera egin zuen. Salinasek etxebizitza eskubidearen aldeko plataforman edo Burlatako festen batzordean izandako jardunaren inguruko azalpenak eman behar izan zituen. “Militante politiko-sozialak direlako epaitu zituztela nabarmendu zuen.
Salinasek berak 2008an kale borrokagatik izandako epaiketa baten inguruan ere argibideak eman zituen. Absolbitu egin zuten, gertaerak jazo zirenean Italian bizi zelako eta ezin zelako bera izan. Baina Salinas auzipetzeko aurretik atxilotutako baten deklarazioan oinarritu ziren. “Horrek erakusten du nola funtzionatzen duen honek: torturapeko deklarazioak oinarri hartuta epaitzen gaituzte”.
Epaiketako hurrengo datak
Lastailaren 6, 7, 8, 20, 21, 22, 30 eta 31n, azaroaren 4, 5, 13, 14, 17, 18 eta 27an eta abenduaren 1, 2, 3, 4, 11, 12, 15, 16, 17 eta 18an.