Arakilgo Udalak hilaren 11n egindako bilkuran aho batez oniritzia eman zion Etxarrengo Kontzejuarekin hitzarmena sinatu eta Aranburu frontoia arakildar guztiek erabiltzeko aukera izan dezaten. Horrela, Arakilgo Udalak beste urrats bat emanen du kontzejuen eta arakildarren arteko harremanak sustatzeko, baita kirol jarduerak egiteko eremuen beharrak betetzeko.
Etxarrenen taberna zegoenean frontoia erabiltzeko aukera bazuten arakildarrek, baina gaur egun itxita dago. Erabilera bakarra etxarrendarrek egiten dute, kontzejuan aldez aurretik eskaera ginez gero. Horretaz aparte, pilota, pala eta frontenis txapelketak eta entrenamenduak egiten dira. Aukera hori zabaltzeko kantxa-zainaren figura sortuko da.
Baldintzak
Aranburu pilotalekua erabili nahi duenak aurretik erreserba egin eta ezarritako tarifak ordaindu beharko ditu (etxarrendarrek argindarragatik ordaindu beharko dute bakarrik). Etxarrendarrek kantxa-zainaren bidez egin beharko dute erreserba. Beti ere, lehentasuna eskolek eta pilota, pala eta frontenis txapelketek izanen dute.
Eskaerak 24 orduko aurrerapenarekin egin behar dira eta kantxa-zainari lau euroko alokairua ordaindu beharko zaio (dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera barne). Argia ordaintzeko egungo sistema automatizatua erabili beharko da. Etxarrengo festen aurreko astean eta ondorengo egunetan frontoia ezin izanen da alokatu.
Hitzarmenean jaso denez, Etxarrengo Kontzejuak argindar, berogailu eta bestelako gastuak ordainduko ditu eta mantenuaz arduratuko da. Horretarako, diru-sarrerak erabiltzeko aukera izanen du. Hitzarmena martxa jarri eta gero berrikusiko da baldintza hori eta egoki jotzen bada berridatzi.
Kantxa-zaina etxarrendar bat izanen da, erreserbak hartzeko telefono mugikorra duena. Bera arduratuko da frontoiaren erabilera txandak emateaz eta giltzen ardura izanen du. Kantxa, harmaila eta aldagelak garbitu beharko ditu. Lan horiek udalak kontratatzen dituen langabetuak eginen dituzte haiek lanean dauden garaian, eta kantxa-zainari 500 euro ordainduko dizkio.
Konponketa
Ibarreko zuzkidura espazioak sortzeko eta hobetzeko hitzarmena bi premiaren ondotik sortu da. Bata, arakildarrek frontoi estalian aritzeko nahia da. Bestea, berriz, Etxarrengo frontoiko hegoaldeko fatxadako plastikozko argizuloak birmoldatzeko premia. Izan ere, euria egiten duenetan haietatik euria sartzen da. Udalak 5.510,19 euroko aurrekontua onartu dio Arbizuko Irura enpresari eta hark konponduko ditu dozena erdi argizuloak.