Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Kluben laguntzarekin, eta hainbat babeslerekin -Irurtzun eta Ergoienako Udalak eta Nestlé- XXI. Sakanako Bizikleta Eguna antolatu dute igandean, hilak 28. Dagoeneko 21. edizioa beteko du proba ez lehiakorra denak, eta aurreko urteetan bezala “Sakana bizikletaz ezagutzen” leloa izango du.
Txirrindularitza egunaren helburuak eskualdean txirrindularitza bulkatzea, lehiaketa asmorik gabeko ibilaldian goiz polita pasatzea, gure herriak, kaleak, zubiak, ermitak, landaretza eta basoak ezagutzea eta Sakanako herri ezberdinetako eta adin ezberdinetako jendearen arteko harremanak bulkatzea dira. Sakandarrei eta inguruko eskualdeetako bizilagunei Sakanako txirrindularitzaren festan parte hartzeko gonbitea egin diete antolatzaileek.
Arakildik Ergoienara
Bost urtetik behin Sakanako Bizikleta Eguna Ergoienara iristen da eta aurten bertara igotzea tokatzen zen. Horrekin batera, Arakilgo hainbat herritara iritsiko da, lehenengoz, Sakanako Bizikleta Eguna. Irurtzundik abiatuko da martxa, goizeko 9:00etan, eta Izurdiagara eta Errotzera jo ondoren, Urritzolan sartu eta berriki zolatu duten pista batetik Etxarrenera helduko dira txirrindulariak. Ondoren Ekai, Zuhatzu, Satrustegi, Hiriberri eta Ihabar gurutzatuko dituzte, Irañetan atseden hartzeko. “Bokata norberak eraman beharko du eta antolakuntzak freskagarria eskainiko du” azaldu dute antolatzaileek. Hamaiketakoaren ondotik, atzera ere txirrindula hartu eta Zamartzeko bidetik Uharte Arakilera helduko dira, Arruazu eta Lakuntza pasa ondoren Arbizutik Unanura aldeko bidea hartzeko. Unanu eta Dorrao gainditu ondoren, Lizarragan despedituko da aurtengo Sakanako Bizikleta Eguna. Bukaeran, partaide guztiendako izozkia izanen da.
Edozeinek egin dezake
Aurten 36 km izanen ditu Bizikleta Egunak, aurreko urteetakoak baino laburragoa, baina bai malkartsuago eta aldapatsuagoa, zailtasunaren aldetik ibilbide ertaina. “Familian edo lagun artean joateko ibilbidea aproposa da. Aurten mantsoago joango gara, baina ibilbidea egingarria da. Gainera, aukera ugari eskaintzen ditu Bizikleta Egunak, norberak nahi duen puntuan utzi baitezake ibilbidea eta nahi duenean gehitu daiteke. Hori bai, segurtasuna bermatzeko txirrindulariak antolakuntzak zehaztutako ibilbidetik ez dira atera beharko” adierazi dute antolatzaileek.
Autobus zerbitzurako izena ematea itxita
Parte hartzea librea da eta doan, baina antolakuntzak autobus zerbitzua jartzen du txirrindulariak euren herrietan jaso eta Irurtzunera eramateko -goizeko 7:45ean aterako da Ziorditik-, eta proba bukatuta, atzera ere txirrindulariak etxera eramateko. Bizikletak eramateko ere kamioia egoten da. Zerbitzu hauek erabiltzeko aurretik izena eman beharra zegoen Mank-en.
Bizikleta puntuan jartzea, inportantea
Bizikleta Egunean parte hartu baino lehen txirrindula puntuan jartzea aholkatu dute antolatzaileek. Izan ere, egunean mekanikaria egonen da, baina egunean bertan gertatutako zulaketa edo matxurak konpontzeko, ez bizikletak puntuan jartzeko. Halaber, parte hartzaile guztiek kaskoa eta ogitartekoa eraman beharko dituzte.
Guztia ongi ateratzeko 15-20 pertsona lanean ariko dira antolakuntzan, Burunda eta Aralar txirrindularitza klubetakoak. Ibilbidea DYAk zainduko du eta uneoro kamioia eta ibilgailuak joanen dira atzean, norbaitek bizikleta hautsi edo ibilbidea utzi nahi badu bizikleta jasotzeko.
Bizikletaren festa
Hori izan nahi du XXI. Sakanako Bizikleta Egunak. Sakanako bizikletaren festan parte hartzera animatu dituzte sakandarrak, “egun oso polita” delako.