Sakantzen Sareak topaketa ireki berriak antolatu ditu

Guaixe 2014ko irailaren 26a

Sareak antolatutako Udako Ikastaroetan Agiriko despopulatua bisitatu zuten.

Bihar eta etzi goizean izanen dira topaketa irekiak. Etorkizuneko apustu gisa, sareak ibarraren ondare hori ezagutarazi eta balioa eman nahi dio.

Udako Ikastaroetan antolatutako Sakanako historiari buruzko saioek izandako arrakasta ikusirik, haiei segida ematea erabaki du Sakantzen Sareak. Bosgarren eta seigarren topaketa horien ardatza Sakana historia da. Sareko kideen iritziz, “etorkizuneko apustua da ondare hori ezagutaraztea eta balioa ematea. Sakanaren erakargarritasuna, turismoa, kultura eta garapena bultzatzeko tresna baita gure ondarea, beti ere iraunkortasun irizpidez erabiltzeko”.


Duela 2000 urteko Sakanako bizitza moldea eta gizartea
Irailak 27, larunbata, 10:00etatik 13:00etara. Zamartzeko aztarnategiari bisita. Dinamizatzaileak: Sak-in Kontsulting eta Oihan Mendo.

Duela bi mila urte Sakanako bizitza moldeek eraldaketa sakonak pairatu zituzten kultura erromatarraren etorreraren ondorioz. Horren eraginez leinu egitura zuten nekazaritza-komunitateak aldatzen joan ziren hiri-mundura eta merkataritza harremanetara zuzenduriko gizartea sortuz. Usadio berriek aztarna sakona utziko zuten, oraindik orain gure garaietan ikusgarriak direnak.


Burundako mandazainak XVIII. mendean
Irailak 28, igandea, 10:00-13:00. Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean topaketa eta Artasoroko galtzadara bisita. Dinamizatzaileak: Sak-in Kontsulting eta Nicolas Arbizu Gabirondo

Mandazain lanbidea gure eskualdean ohikoa bezain ezezaguna zen. Burundako hainbat herritan populazioaren herena lanbide horretatik bizitzen zen. Itsasaldearen eta barnealdearen arteko merkataritza eta garraioaz arduratzen ziren. Olioa, ardoa edota txokolatea ziren gai nagusienak. Iturmendin zein Urdiainen ikus ditzakegun etxetzar ugari garai eta lanbide horretan dute jatorria.