Ostiralean jokatu ziren, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Javier Hernandez Memorialeko finalak, 700 pasa pilotazaleen aurrean. Gazteen mailan Joanes Bakaikoa etxarriarrak Jon Olaizola lesakarrarekin osatu zuen bikoa, Aitor Etxaberria eta Oier Etxebarria bizkaitarren kontra jokatzeko. Ordu eta laurden iraun zuen partida oso gogorra eta ikusgarria izan zen. Hori garbi azaltzen dute zenbakiek: guztira 596 pilotakada jo ziren partidan, eta Etxebarria II.ak sakez bi tanto egin zituen eta Joanes Bakaikoak bakarra. Pilotariak parez pare aritu ziren eta emozioak bukaeraraino iraun zuen, 21era berdindu eta gero erabaki baitzen partida.
Hasieran 5-1 aurreratu ziren bizkaitarrak. Eroso ibili ziren euren materialarekin. Baina pilota aldatzearekin batera iritsi zen Bakaikoaren eta Olaizola III.aren erantzuna. Gutxinaka tantoak euren aldera egiten hasi ziren. Bolea, gantxo eta bestelako tantoei esker, Bakaikoak eta Olaizola III.ak markagailuari buelta eman zioten, 7-15 aurreratuz. Hala ere, bizkaitarrek ez zuten amore eman eta 17ra berdintzea lortu zuten. Finala eurena izango zela pentsatu zuten askok, 21-19 aurreratu baitziren. Baina Bakaikoak eta Olaizola III.ak presioari eutsi eta 21era berdindu zuten. Zorionez azken tantoa Bakaikoaren eta Olaizola III.aren aldekoa izan zen eta Javier Hernandez Memorialeko gazte mailako txapeldunak dira nafarrak.
22 urtez azpikoan, Agirrek eta Martinezek 22-17 irabazi zieten Irribarriari eta Erasuni.
Murgiondo txapeldunorde Cortesen
Cortesek Fidel San Martin Memoriala hartu zuen larunbatean. Elizaldek eta Larrayak 22-9 irabazi zieten Murgiondori eta Minari.