Larunbatean Domus Dei Desafioa, ardoaren desafioa jokatu zen Logroñoko Adarragan, San Mateotako feriaren barruan. Lehenik eta behin Joseba Ezkurdia eta Mikel Beroiz lehiatu ziren buruz buru. Beroizek lesionatuta dagoen Mikel Urrutikoetxearen tokia hartu zuen eta Ezkurdiak arazoekin dabilen Julen Retegiren tokia. Aipatzekoa da Ezkurdia izan zela partidako jaun eta jabea. Apenas ordu erdian 22-5 irabazi zion Beroizi.
Binakako partidan Gorka eta Jose Javier Zabaletak 22-10 irabazi zieten Artolari eta Aretxabaletari. Zabaletak agindu zuen atzean, Gorka Estebanek primeran baliatu zuena. Aretxabaletak oraindik ez du bere jokoa berreskuratu eta erraz gailendu ziren Gorka eta Zabaleta. Azken partidan Bengoetxea VI.ak eta Beginok 22-7 irabazi zieten Titin III.ari eta Ceciliori. Hortaz, ardoaren desafioa Aspek irabazi zuen.