Atzo burutu zen 21. Sakanako Bizikleta Eguna. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatu zuen, Burunda eta Aralar Txirrindularitza Kluben laguntzarekin, eta hainbat babeslerekin, Irurtzun eta Ergoienako Udalak eta Nestlé, besteak beste. Nahiz eta tarteka euri tantatxoren batzuk bota, tenperatura ona zegoen, bizikletan ibiltzeko primerako eguraldia.
Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, 225 txirrindulari zeuden aurretik izena emanda eta Irurtzundik 200 bat pertsona atera ziren. Abiatu aurretik tanta batzuk bota zituen Irurtzunen eta horrek bateonbatek atzera egitea ekarri zuen. Lizarragara 150 inguru iritsi ziren. “Kontuan izan behar da herrietan jendea gehitzen eta irteten joaten dela, eta horregatik, uste dugu guztira gutxi gorabehera 400 partaide inguruk hartu zuela parte Sakanako Bizikleta Egunean” azaldu zuen. Egunaren balorazio ona egin du Gerrikagoitiak. “Errotz, Urritzola, Ekai, Zuhatzu eta Arakilgo txoko ez hain ezagun eta ederrak ikusi genituen, baita Unanu, Dorrao eta Lizarragako kale eta auzo berezi, estu eta xarmangarriak ere. Irañetan atsedenaldian freskagarriak banatu ziren eta Lizarragan, bukaeran, izozkiak” gaineratu du.
Adinari dagokionez, gazte koadrilak eta familia osoak ikusi ahal ziren Sakanako Bizikleta Egunean, eta baita ere adinez nagusikoak. Ohiko matxura txiki eta zulaketez aparte, gertaera gutxi izan ziren eta txirrindulariek ederki disfrutatu zuten Sakanako paisaia, herri eta txoko zoragarriekin.