Despeditu da Ponferradan jokatutako Munduko Txirrindularitza Txapelketa. Michal Kwiatkowski poloniarra dugu munduko txapeldun berria, hurrengo urtean ortzadarraren maillota jantziko duena. 24 urteko gazteak primeran irakurri zuen lasterketa eta une egokian jo zuen erasoa, helmugara lehena helduz, Simon Gerrans australiarrari eta Alejandro Valverde espainiarrari segundo bat aterata. Valverderendako lana egin zuen Imanol Erbiti 65.a izan zen, 4:08ra.
2010ean Altsasun bizi izan zen
Michal Kwiatkowskik Sakanarekin harreman estua dauka. Poloniarrak 2010ean Sakanan sortutako Rural Kutxa talde kontinentalarekin egin zuen salto profesionaletara. Rural Kutxan ibili zen urte horretan, Altsasuko bizilaguna izan zen poloniarra, Radoslaw bere anaiarekin batera. Horregatik, Rural Kutxak berehala zoriondu nahi izan du Kwiatkowski.”Nafarroan bizitako urteak zoragarriak izan ziren. Radoslaw anaiarekin iritsi nintzen, Altsasun bizi ginen eta jende askoren babesa izan genuen” adierazi du Munduko txapeldunak.