Iruñean jokatu zuen Etxarri Aranatz liderrak, San Jorgeren kontra. Partida hasi eta berehala aurreratu zen San Jorge, falta baten jaurtiketan. Baina poztasunak gutxi iraun zien Iruñakoei, hurrengo minutuan Markelek berdindu baitzuen. Bigarren zatian bi taldeek aukera bikainak izan zituzten baina ez zituzten gauzatu. 72. minutuan Mikelek Etxarriren bigarren gola sartu zuen eta nahiz eta San Jorge partida berdintzen saiatu, 78. minutuan Asierrek Etxarriren hirugarren gola sartu zuen eta 1-3 irabazita itzuli ziren etxarriarrak Iruñetik.
Bestalde, Altsasuk bana berdindu zuen Ardoiren kontra igande eguerdian Zizurren. Partida oso lehiatua izan zen. 3. minutuan Ardoi aurreratu egin zen eta hortik aurrera bi taldeak lehia bizian sartu ziren. Atsedenaldia baino lehen Davidek berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian Ardoik dominatu zuen eta Altsasuk arrisku asko sortu zuen kontraerasoan. Ardoik, gainera, aldeko penalty batean ez zuen asmatu. Bi taldeek zuten guztia eman zuten eta, azkenean, banakako berdinketarekin despeditu zen lehia, Altsasuk puntu inportantea eskuratuz.
Sailkapen orokorrean Etxarri Aranatzek jarraitzen du lider (10 puntu). Altsasu 6.a da (7 puntu). Asteburuan Etxarrik Aurrera taldea hartuko du eta Altsasuk Lezkairu.