Herrira-ren kontrako operazioan atxilotuek auzitara eramanen dute Espainiako Gobernua

Guaixe 2014ko ira. 30a, 14:47

Kalte moralak egin eta euren ohorea urratu izana egotzi diote gobernuari, poliziaren aurrean deklaratu aurretik delitu larriak egotzi zizkielako barne ministroak.

Gaur urte bat Guardia Civilak Herrira mugimenduko 18 kide atxilotu zituela, haien artean Fran Balda arbizuarra. Atxilotu eta berehala Jorge Fernandez Diaz barne ministroak telebistan adierazi zuen Herrira “ETAren tentakulua” zela. Gainera, haien nortasun agiriko argazkiak eta bizitza pribatuari buruzko datuak zabaldu zituzten. Errugabetasun presuntzioa urratu dela uste dute auzipetuek eta auzitara joko dute Espainiako Gobernuaren kontra. Atxilotu bakoitzarendako 100.000 euroko kalte-ordaina eskatu diote ministerioari.

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduaren aurkako polizia operazioa. Auzipetuei ETAko kide izatea, "terrorismoa goratzea” eta “erakunde armatua finantzatzea” leporatu die epaileak. Mugimenduaren jarduna bi urterako eten zuen, gainera, epaileak. Protesta ugari eragin zituen operazioak.