Aurten ere hemen, gaituzue gure ideiak eta gogoetak plazaratzeko gogoekin eta lehenik eta behin bailarako komunikabide euskaldunak emandako aukera hau eskertu nahi dugu. Jakitun gara komunikabide honek aurrera egiteko behar dituen baliabideak zenbateko esfortzua suposatzen duten eta honetaz idatzi nahi dugu gaurkoan, esfortzuaz.
Gure bizitzak aurrera eramateko behar dugun beste lan egiten dugu egunero, ikasi, maitatu, borrokatu edota soldatapean lan egin. Bizitza duin bat eramateko beharrezkoak diren ekintzak dira horiek. Kontua da, ez ote garen azken denboraldian gure barnera gehiegi begiratzen ari eta kolektiboa dena ahaztua dugun. Eragile sozialen presentzia kalean asko murriztu da eta ez dugu uste orain dela hilabete batzuk genuen indarra eta kemena desagertu direnik gure bailaran.
Denboraldi hau berezia izango da, hurrengo maiatzean hauteskundeak daude eta Nafarroan aldaketa sakon bat izateko aukera inoiz baino errealagoa da. Eragile sozialen lana ez da hauteskundeak irabaztea. Guri dagokiguna zera da, urte hauetan borrokari loturiko pertsonak, egoera sozioekonomikoak arduradunak dituela ikusi dutenak eta orokorrean politika neoliberala pairatu dutenak kalera ateratzea beren eskubideen defentsan.
Lan honetan aurreko urtean hazi genuen gutun sozialaren eztabaida bukatua dago eta orain borrokarako lanabes bezala erabiliko dugu. Hauek dira bertan agertzen diren lan ildoak: Lurralde eta ingurumen eskubideak, lanari loturiko eskubide sozialak, eskubide ekonomikoak, jendartearen parte hartzea politiken diseinuan, etxebizitza, hezkuntza, osasunari buruzko eskubideak, zaintza eta bizitzaren mantentzea , emakumeon kontrako indarkeriarik gabeko bizitza , jatorri aniztasuna, aniztasun sexuala, aniztasun funtzionala, hizkuntza eskubideak ,eskubide kulturalak. Hauetariko bat edo bi edo denek zugan eragina dute. Lotu borrokari.