Lantokiak utzi eta ostiralean eta Sakana Lanbide Heziketa institutuan izan ziren Sakana kooperatibako Alvaro Redondo eta Lakber SL-ko Josejo Ariz. Biak ere gradu ertaineko eta goi graduko 21 ikaslerekin bildu ziren, haien artean ekintzailetza sustatzeko jardunaldi baten barruan.
Bi enpresetan mekanizatu lanak egiten dituzte eta, ondorioz, txirbila eta ebaketa-likidoa (taladrina) sortzen dituzte. Bi hondakin horiek berrerabiltzeko konponbide sortzaileak ematea eskatu zieten ikasleei Redondok eta Arizek. Ikasleak lau taldetan banatu ziren eta gogoz lan egin ondoren talde bakoitzak proposamen bana aurkeztu zuen. Sakana kooperatibak eta Lakber SL-k proposamen horiek aztertu eginen dituzte. Trukean ikasleek bi enpresak ezagutzeko aukera izanen dute.
Elkarlanean
Europako Leader programaren barruan, Cederna-Garalurrek ekintzailetza sustatzeko jarduera izan zen ostiralekoa. Ikasleen artean ekintzailetza “bizitzaren aurreko jarrera positibo, sortzaile eta eraldakor” gisa sustatu nahi izan zuten. Garalurreko Sakanako ordezkari Susana Mendinuetak azaldu digunez, jarduera Lanbide Heziketa institutuaren eta bi enpresen elkarlanari esker gauzatu ahal izan zen: “Sakanarekin eta ibarrarekin duten konpromisoak borondateak bat egitea ekarri du, etorkizun hobea eraikitzeko”.