Nafarroako Justizia Auzitegi Goreneko administrazioarekiko-auzi epaitegiak indarrik gabe utzi du Irurtzun aldeko oinarrizko osasun eskualdea eratzeko Nafarroako Gobernuak emandako dekretua. Hilaren 23an emandako epaiak arrazoia ematen dio Nafarroako Gizarte-Lanean Diplomatu eta Gizarte-Laguntzaileen Elkargo Ofizialari.
Epaileek diotenez, dekretuarekin Nafarroako Gobernuak 1985eko Nafarroako Osasun Zonifikazio Foru Legea urratzen duela. Arau horretan biztanle kopuru bakoitzari dagokion gizarte-langile ratioak zehazten dira (langile bat 10.000 eta 20.000 pertsona arteko eskualdeetan). Dekretuak ratioak ez ditu errespetatu eta, horregatik, baliogabetu dute gobernuaren erabakia.
Eskualdeaz
Irurtzungo oinarrizko osasun eskualdea 1985eko legearekin sortu zenean ez zen gizarte-langile kargurik jaso eta lanpostu hori ez da sekula egon. Eskualdeak Iza (lau herri), Imotz, Larraun, Lekunberri, Araitz, Betelu eta Sakana (Arakildik Arruazura) hartzen ditu. 8.345 biztanle guztira. 29 urte gizarte-langilerik gabe.