Oso arrakastatsuak izan dira asteburuan Sakantzen Sareak antolatutako bi jardunaldi irekiak. Udako Ikastaroetan historia interesgune bat zela identifikatu zuen sareak eta, horregatik eskaintza hori egin zuten astebururako. Duela 2.000 urteko ibarrari buruzko eta mandazainen inguruko saioetan 50 bat pertsona egon ziren bakoitzean. Bai sakandarrak, baita kanpinetara etortzen direnak ere izan ziren jardunaldietan.
Sareko kide Jon Etxeberria Ijurrak azaldu digunez, asteburuko erantzunak indarra eman die bide beretik segitzeko, etorkizuneko jardueretan historia erakargarri bat izan daitekeelako: “Sakantzen sareak eta Ezpilleta elkarteak zein ekarpen egin dezakegun aztertu eta hura indartu beharko dugu”. Oihan Mendo eta Nicolas Arbizu saioen gidariei eta Zamartzeko aterpeari eta Etxarri Aranazko Udalari antolakuntzan emandako laguntzagatik eskerrak eman zizkien.
Aurrera begira
Sakantzen Sareko kideak barrura begira jarri dira dagoeneko. Etxeberriak jakinarazi digunez, funtzionamendu eredua aldatu nahi dute, beste berri bategatik ordezkatzeko. Hark esan digunez, “sareak paper garrantzitsua jokatzen du Sakanako ekonomia-sozialean. Sakanako bizi eta lan egiteko, etorkizunerako dinamikak sortzeko antolamendu eredu berria aztertu beharra dugu”.