Sakantzen Sarea Madrilen saritua

Guaixe 2014ko urriaren 3a

Gazte Ekintzaile Sozialen saria Jon Etxeberria Ijurrak jaso zuen irailaren 18an

Universidad Europearen fundazioak International Youth Foundation-ekin eta Sylvan/Laurate Foundation-ekin elkarlanean seigarren urtez antolatu du Gazte Ekintzaile Sozialen sariketa. Sakantzen Sarea Jon Etxeberriaren bidez aurkeztu zen sariketara eta aitortza jaso ere: 3.000 euroko saria eta aste beteko prestakuntza saioa Madrilen.

Etxarriarra irailaren 15etik 21era Madrilen egon zen. Esperientzia “oso positiboa” izan bazen ere “nekatuta eta karga handiarekin” bueltatu zen. Izan ere, zortzi egunetatik zazpitan “topera” aritzen ziren, 9:00etatik 23:00etara. Estatuko 10 ekintzaile sarituekin batera, Honduraskoak eta Mexikokoak ere izan ziren. “Pertsonalki eta Sakantzen Sarearendako positiboa izan zen. Sariak jendea eta proiektuak ezagutu, galderak egin eta beste lurraldeetara zabaltzeko aukera eman zidan”.

Bai berari bai sareari ikusgarritasuna eman die Madrilgo esperientziak. Sari banaketa ekitaldian, publiko aurrean, hiru minutuko hitzaldian, Sakantzenen berri eman zuen. Ijurrak esan digunez, “ikusi zuten Sakana bakarra dela, eskualde identitate bat dela eta tokiko garapen endogenoan lan handia egin dela. Aurrera egiteko animatu gintuzten”. Sarearen etorkizuneko egitekoen artean egun dagoen herriz herriko identitateari ibar identitatea txertatzen joatea eta sakandarrak aktibatzen segitzea leudeke.

Onurak
Ijurrak esan digunez, Sakantzen Sareari nazioarterako ateak zabaltzeko aukera izan da Madrilgoa. “Informazioa prozesatzen ari naiz, ikasitakoa Sakantzen Sarean edo Sakanako proiektuetan nola txertatu aztertzeko”. Garapen ekonomikora bideratutako bizpahiru ekintzaile zeuden topaketan. “Halako eredurik ez da ezagutzen. Baina badira lokalki lan eginez globalki pentsatzen ari diren beste erakunde batzuk eta halako ekimenen bidez elkarlanerako aukerak sortzen dira”.

Elkarrekintza edo sare bat sortzeko aukera aipatu digu etxarriarrak. Ijurrak, hala ere, argi du proiektu bat eskualde batetik bestera ezin dela bere horretan kopiatu “batzuen eta besteen iragana, oraina, ezagutzak… ez dira berdinak; egokitu beharra dago”. Lleidako eta Soriako proiektuen berri jaso duela azaldu digu sareko kideak.

Prestakuntzaz
Sarituak ez ziren klasean itxita egon. Hainbat espazioetan izan ziren, era dinamikoan eta taldeka lanean. Arlo pertsonalean “beste modu batera ikasteko desikasi” egin zuten. Edota sormenaren eta joko errazen bidez taldea elkar ezagutu zuen. Gorputz adierazpena eta hitzaldia nola osatu ere izan ziren ikasgaietako batzuk.

Ekintzaileek euren espazio pertsonalak izateko garrantzia nabarmendu zieten Madrilen eta, praktika gisa, yoga saioa izan zuten. Marka pertsonala, talentua ea haren identifikazioa, sormena eta beste ere aztertu zituzten aste hartan. Baina horiekin batera ekintzailetasun sozialari begira ere jarri ziren, finantziazioa eta beste aztertuz. “Enpresa-gizarte proiektuak ez dira gobernuz kanpoko erakundeak, errentagarritasuna bilatzen dute, gizarte inpaktua ere”.