Garai batean, San Migel egunaren biharamunean, irailaren 30ean, hildakoen aldeko elizkizuna egiten zen Aralarko santutegian. Garaiak aldatu dira eta meza astegunetan egitea zaildu da, baina elizkizuna berreskuratu egin da eta San Migel hurrengo igandera pasa da. Hala, hildako kofrade, anai etxeetako eta ongileak gogoan izanen dituzte igandean. 12:00etan Gaudeamus gregoriano abesbatzak emanaldia eskainiko du. 12:30ean hasiko da zendutakoen aldeko meza. Akaberan aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen da. Arratsaldean, 17:00etan, bezpera izanen da, gregoriano doinuak lagunduta eta despeditzean, atzera ere, aingeruaren irudia gurtzeko aukera izanen da.
Anai etxeak
Aralarko aingeruak, urtero, 300 herrietatik barnako ibilbidea egiten du. Herri bakoitzean San Migelen anaiaren etxe bat izaten da eta han hartzen dituzte aingeruaren irudia eta harekin doazenak (garai batean baita mandazaina eta mandoa). Etxea nagusiz aldatzen bada, nagusi berria izaten da San Migelen anaia.